Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Kontatzen dudana fantasiazko fikzioa dirudi, baina oso istorio errealistak dira”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 7a, 07:00

Jose Manuel Toscano, liburua eskutan duela. / Aiaraldea.eus

JOSE MANUEL TOSCANO (Basauri, 1961) Urduñan bizi da eta berriki plazaratu du bere lehen liburua: Una deuda inesperada. Hiru istoriok osatzen dute lana, eta hirurek gai bera dute hizpide.

Abenduan argitaratu zenuen zure lehen liburua. Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Aspalditik neukan liburu bat idazteko ideia buruan. Baina lan egiten dut, eta lan egiten dugunontzat batzuetan konplikatua da denbora librea ateratzea. Bi alaba ditut, eta txikiak zirenean zaila zen denbora topatzea, baina orain nagusiak dira jada. 

Beti izan dut harreman hona idazketarekin eta literaturarekin. Duela lauzpabost urte nire gertuko lagun batzuk hil ziren. Pentsarazi egiten zidan horrek, eta konturatu nintzen zerbait egin behar banuen, bazela garaia egiteko. 

Gauzak hala, idazteari ekin nion. Hiru istorio luze barnebiltzen ditu liburuak. Lehena amaitu nuenean, emazteari eta alabei eman nien, irakur zezaten. Asko gustatu zitzaiela aipatu zidaten, eta aurrera egin nuen. 

Hiru kontakizunek badute harremanik euren artean?

Bai. Hiruretako protagonistek harremanak garatzen dituzte ezinezkoak diren solaskideekin. Lehenengo narrazioa Una deuda inesperada da. Bertan, bi neba-arreba hildako amarekin erlazionatzen dira. Ama hainbat urte lehenago hil zen, eta komentatzen die badagoela zor bat ordaindu behar dutena. Protagonistek ez dakite zor horri buruzko ezer, eta martxan jarri behar dira ordaintzeko. 

Bigarren kontakizuna Esto lo hago por ti da. Txakur batekin harreman bat garatzen duen elektrikari baten nondik norakoak kontatzen ditu. Ez dizut gehiago kontatuko; baina, ikusten duzunez, kasu horretan ere ezinezko harreman bat kontatzen da, solaskidea animalia bat delako. 

Hirugarren ipuina Dutch Wife da, eta gizon bat da protagonista, silikonazko panpina bat bere emaztea izango balitz bezala tratatzen duena.

Hiru narrazioek hori dute komunean: gertatu ezin daitezkeen harremanak dituztela hizpide. Kontatzen dudana fantasiazko fikzioa dela pentsatu daiteke, baina inola ere ez, oso istorio errealistak dira. Irakurlea konturatuko da hurbileko kontuei buruz hitz egiten dudala, elementu fantastiko horiek kenduta. Lehen kontakizuneko txakurra pertsona batengandik aldatuko bazenu, adibidez, istorioak berdina izaten jarraituko luke. 

“Gertatu ezin daitezkeen harremanak dituzte hizpide hiru narrazioek”

“Errealismo magiko” kutsuko liburua da, beraz. 

Apur bat bai. Idatzi nuen lehen istorioa txakurrarena izan zen. Pentsatu gabe idatzi nuen, baina gero pentsatu nuen egokia izango litzatekeela hiru ipuinek ildo bera jarraitzea. 

Zergatik erabaki zenuen ildo hori -ezinezkoak diren harremanena- jarraitzea? 

Beste liburu bat idazten hasi nintzen duela bost urte, nire amaren istorioetan oinarrituta. Berak bizi edota ezagututakoak kontatzen zizkidan, horietako asko Guda Zibila baino lehen gertatutakoak, eta gerraostekoak ere bai. Gudak hesi baten itxura hartzen du, dena aldatu zuelako.

Baina idazten hasterakoan egitura arazo batekin egin nuen topo, amak istorioak aspaldi kontatu zizkidalako eta zaila iruditu zitzaidalako denak liburu bakarrean jostea. Konplexuegia iruditu zitzaidan nire lehen lana izateko, eta albo batera utzi nuen. 

Baduzu proiektu hori berrartzeko asmorik?

Bai. Hasita dago, lan handia falta zaion arren. Baliteke argitaratzen dudan hurrengoa izatea, edo agian beste ideiaren bat bururatuko zait. 

Hori galdetu nahi nizun. Plazaratu berri duzu zure lehen liburua, beste bat duzu tintontzian... Zein proiekturi helduko diozu datozen urteei begira?

Argitaratu berri dudan liburuaren ajearekin nago oraindik. Oso prozesu luzea izan da, energia asko jarri behar izan dut. Idatzi ostean nik neuk argitaratu behar izan dut. Argitaletxeen webguneak begiratzen hasi nintzen, eta ikusi nuen gehienek, edo ia guztiek, ez dituztela testuak onartzen, ez dituztelako irakurtzen. Orduan pentsatu nuen ez zuela inolako zentzurik ezer bidaltzeak, iritsi bezain laster paperontzira botako zutelako. 

Horregatik erabaki nuen auto-ekoizpenaren bidea hartzea. Uno Editorial-ekin plazaratu dut liburua, baina horrelako argitaletxeek ez dute inolako banaketarik egiten. Amazonen jarri zuten salgai baina hortik kentzea erabaki nuen. Orain bilatzen baduzu bertan agertzen da, baina ez dago eskuragarri. Jendeari ez zaio liburuak Amazon bidez erostea gustatzen, eta niri ere ez litzaidake gustatuko hori egin behar izatea derrigorrez liburua eskuratzeko. Horregatik kendu nuen bertatik. 

Nire kabuz saltzen ditut liburuak. Uno Editorial-en webgunean ere badago eskatzeko aukera. Niri iristen zait mezua, eta postaz bidaltzen dut liburua. 

“Argitaratu dudan liburuaren ajearekin nago oraindik”

Ondo moldatzen zara euskaraz, baina liburua gazteleraz idatzi eta argitaratu duzu. Zergatik?

Oso galdera ona da hori. Euskaldun berria naiz, 20 urte baino gehiago nituen euskara ikasten hasi nintzenean. Gauza bat da hizkuntza egunerokoan komunikatzeko edo lan egiteko erabiltzea, eta beste gauza bat liburu bat idazteko baliatzea. Oso zaila da hori zure bigarren hizkuntzan egitea. Lagun gehienekin gazteleraz erlazionatzen naiz, ez dakitelako euskaraz, askoz hobeto menperatzen dut erdara. 

Hizkuntzak tipulak bezalakoak dira, kapa asko dituzte. Literatura liburu bat egiteko kapa horiek zeharkatu behar dituzte, ahalik eta geruza sakonenera iristeko. Ez da soilik pentsatzen duzuna paperera eramatea. Ñabardurak eta hizkuntzak dituen berezitasunak kontrolatu behar dituzu, eta ni ez naiz gai hori euskaraz egiteko. Euskarazko liburuak irakurtzen ditudanean konturatzen naiz ez naizela maila horretara iristen. Are gehiago: ez nintzateke gai izango ere plazaratu berri dudan liburua euskarara itzultzeko. Beste pertsona batek egin beharko luke. Ez da itzulpen soila, garrantzi handia dauka gauzak nola esaten dituzun. Hitz guztiak daude asmoz beteta, baita isiluneak ere. 

Zer nolako harrera izan du liburuak?

Espero nuena baino askoz hobea. Beldur handia ematen zidan horrek hasieran. Liburu bat idazten duzu, maite zaituen jendeak esaten dizu oso ondo dagoela, baina pertsona horien iritziak ez du balio (barreak). Argitaratzerakoan zer nolako harrera izango zuen ikusi nahi nuen, eta kritika onak jaso ditu bakarrik. Lagun batek ETBn egiten du lan, eta Felix Linares aurkezleari pasatu zion liburua. Bera nirekin jarri zen harremanetan. Asko gustatu zitzaiola esan zidan, eta elkarrizketa bat egin zidan.

Pozik zaude, beraz?

Bai, oso pozik. Jendeak nabarmendu dit nabaritu egiten dela ni naizela istorioa kontatzen ari dena. Positiboa iruditzen zait hori, erakusten duelako ez naizela saiatu inor imitatzen. Ni naiz, istorioak nire modura kontatzen, eta uste dut jendeak hori eskertu duela, ahots berri bat entzutea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide