Mr. Pongo taldearen errautsetatik sortutako proiektua da Kaserna. Zer deberdintasun dago bi egitasmoen artean?
Mr. Pongo taldeko kide batzuk proiektua uztea erabaki zuten, beste lehentasun edo betebeharrak zituztelako. Taldekide berriak batu ziren orduan: Mikel saxofoian eta Urtzi baxua jotzen. Markelek teklatua albo batera uztea erabaki zuen ahotsean zentratzeko, eta orduan Beñat sartu zen musika tresna hori jotzera.
Taldekide aldaketa horrek ekarri zuen aldaketa musika estiloan. Bakoitzak bere erreferentziak ditu eta nahasketa hau sortu da, zeinetan eroso sentitzen ginen. Izenari dagokionez, 'Mr. Pongo' markatik aldendu nahi genuen.
Ska talde bezala sortu zen taldea, eta izena zein irudia estilo horretara lotuak zeuden, eta gure abesti berriak ez zetozen izen horrekin bat. Taldearen izena ere ez genuen oso gogoko, horregatik erabaki genuen aldatzea.
Funka eta hip hopa uztartzen dituzue abestietan. Modu kontzientean egindako hautua izan da edo taldearen ibilbideak eraman zaituzte horra?
Letra 'rapetuagoak' egitea bai, hautu kontzientea izan zen. Nik, pertsonalki, oso gogoko ditut Rage Against The Machine bezalako taldeak, eta beste kide batzuek ere maite dute rapa eta oso gertu daude Euskal Herriko hip hop mugimendutik. Kimo, gure DJa, Gorka Suaiarekin aritu zen gurekin hasi aurretik.
Baina musika izan da bere bidea egin duena. Taldekideon eraginei jarraituta sortu da musika estilo hau. Guk ez dugu funk bezala aurkezten, baina baliteke kutsu hori izatea. Nahiago dugu 'rap' edo 'rock' etiketa jartzea, 'funk'-arena baino.
“Diskoko abesti guztiek ildo bera jorratzen dute: rock-rap doinuak letra aldarrikatzaileekin eta erreferentzia askorekin”
Letrek ere pisu handia dute zuen musikan, abestietan sumatu daitekeenez.
Bai, dudarik gabe. Uste dut taldekide guztien iritzia berdina dela alor honetan: letrak direla proiektu honen alderik aipagarriena. Alde hori zaintzen saiatzen gara. Musika bozgoragailua da guretzat, eta gure mezu eta gogoetak plazaratzeko baliatzen ditugu letrak.
Hitzen sorkuntzan Markel da pisu gehien hartzen duen kidea. Normalean berak proposatzen ditu gaiak, eta guztion artean garatzen ditugu gero.
Konfinamenduan bideo-bilera ugari egin genituen, letrei eta erreferentziei buruz hitz egiteko. Oso prozesu aberasgarria izan zen denontzat, pila ikasi genuen.
Diskoko abesti guztiek ildo bera jorratzen dute: rock-rap doinuak letra aldarrikatzaileekin eta erreferentzia askorekin. Hari logiko bat jarraitzen saiatu gara: abestien ordena, irudia, gaien hautaketa... elementu guztiek hari bera jorratzen dute, diskoekin aspaldi egiten zen bezala. Buelta nahikotxo eman dizkiogu kontu horri.
Nahiko urte arraroan sortu duzue proiektua, pandemia baten erdian. Zer nolako eragina izan du horrek proiektuaren garapenean?
Abestiak pandemia aurretik sortu genituen, egiturak behintzat. Baina grabatu nahi genituen, eta ez genuen pauso hori ematen. Azkenean David Nanclaresekin jarri ginen harremanetan. Berak esan zigun PiLT taldeko Aitor Abio zela pertsona egokiagoa lan hau ekoizteko eta elkar ezagutu genuen Gaua estudioan.
Aurrekoizpena pandemia erdian egin genuen. Lan handia egin genuen etxean konfinatuta: bakoitzak bere burua grabatzen, gure artean abestiak partekatzen, bideo-deiak egiten letra eta abestiei buruz hitz egiteko... Aipatzekoa da ikuspegi logistikotik egin genuen lana, ederra bezain zaila izan zen.
Eskerrak eman nahiko genizueke zuei, elkarrizketa egiteagatik. Bestalde, eskerrak eman nahiko genieke Aitor Abiori eta Gaua estudioko gainontzeko kideei, David Naclaresi, Mirene Gozalezi (azalaren diseinua egiteagatik), Gatom abeslariari eta Taupaka elkarteari, besteak beste; funtsean, egunerokoan proiektua aurrera ateratzen laguntzen gaituzten guztiei.