Hainbat urtez landu eta gero, gaur estreinatuko du Roberto Cuesta zuzendariak Urduña, Bizkaiko Memphis musika dokumentala. 18:30ean egingo dute emanaldia eta horren ondoren publikoak aukera izango du hitza hartzeko. Hiriko taldeak eta bertan dagoen musika bizitzeko modua dira film luzearen 82 minutuen ardatzak.
Zehazki, zinemagilearen asmoa izan zen urtebeteko musika jarduera jasotzea, baina pandemiak harrapatu zuen grabaketen erdian. Horrela, Otxomaio ezberdinak islatu ditu, besteak beste.
Nazioarteko jaialdietan
Cuestak azaldu du zenbait zinema jaialditan aurkeztu duela lana eta seik onartu dutela sail ofizialean. Ondorioz, filma Indian, Errusian, Suedian eta Mexikon ikusi da, besteak beste.
Hautaketa, berez, saritzat hartu du zuzendariak: "Aurrekontu oso txikiko lana da hau, eta gainera genero baten azpigeneroko pelikula da; musika dokumentala. Hori guztia dela medio, ez dugu saria jasotzeko asmorik, aitorpen nahiko da hautatuak izatea".