MAITE GARCIA RIOBO

“Bizitzan topatu ditudan oztopoak izan ditut hizpide liburuan”

'Ekhi: Siguiendo tu estrella liburuan' jarraipena da Maite Garciaren lan berria. / Aiaraldea.eus

MAITE GARCIA RIOBOk (Pontedeume, 1978) urteak daramatza Urduñan bizitzen. Bere semearen heriotzaren ostean igarotako doluari buruzko liburua plazaratu zuen duela hiru urte. Orain, aldiz Cocktail de vida lana argitaratu du.

Cocktail de vida liburua argitaratu berri duzu. Duela hiru urte plazaratu zenuen lanaren (Ekhi: Siguiendo tu estrella) jarraipena dela esango zenuke?

Proiektu ezberdinak dira. Bitxia da, egiatan ez naizelako liburu hau zeri buruzkoa den azaltzeko gai.  Baina egia da gai naizela bizitzak aurrean jartzen didan min-prozesu bakoitzaren zergatia ulertu eta zerbait positiboa bezala ikusi ahal izateko, lan-pertsonal handia egin ostean betiere.

Horregatik, liburu hau ez da  Ekhi: Siguiendo tu estrella lanaren jarraipena. Bizitzak parean jartzen dizkigun gauza negatiboei zergatia bilatzea da lanaren helburua.

Doluaren gaia lantzen zenuen  Ekhi: Siguiendo tu estrella liburuan. Zer jorratu duzu liburu berrian?

Bizitza, oro har. Bizitzak zure konfort-egoeratik ateratzen zaituenean mina eragiten duen prozesu bat bizi behar izaten duzu. Horri nola aurre egiten diogun jorratzen dut liburuan. Ekhirekin ikasi dudana da ez garela bizitzaren biktimak, ikasleak baizik. Batzuetan bizitzak aurrean jartzen dizu ikasi eta eboluzionatzeko behar duzun hori.

Zergatiak iruditzen zaizkit garrantzitsuak. "Zergatik niri?" Galdera hori izan da helmuga zoragarrietara iristea ahalbidetu didana. Ulertzea zergatik gertatzen zaidan hau niri. Jende batek uste du obulu eta espermatozoide baten baturatik hau atera daitekeela (bere burua seinalatzen du). Baina niri oso zaila suertatzen zait hori sinestea.

Hor badago magia moduko bat, ez dakigula ondo nondik datorren. Bizitzak batzuetan min-prozesuak jartzen dizkigu aurrean, eta horiek ulertu eta moldatzea lortu behar dugu, hazi eta eboluzionatzeko behar ditugula ulertuta. Bide bat da, nik lan pertsonal askoren ondoren egin ahal izan dudana.

Bide hori egin ostean, beste pertsona batzuentzat ere lagungarria izan ahal zela pentsatu nuen. Horregatik, nik egindako bidea kontatzen dut liburuan, bizitzak aurrean jartzen dizkigun traben aurrean beti alde positiboa ikusteko helburuarekin. Ekhiren liburuan heriotzaren gaia lantzen nuen. Liburu berrian, aldiz, nik bizitako bikote-haustura baten esperientzia kontatzen dut. Susperraldi handi bat eragin zidan horrek. Lan handia egin dut aztertzeko nolakoa naizen, nola jokatzen dudan eta nondik datorren dena. Dena haurtzarotik dator normalean. Hori islatu nahi nuen, gurasoak direnei haurtzaroek duten garrantzia erakusteko. Gainean daramatzagun motxila asko gure haurtzaroan jarritakoak dira. Pertsona bat ez da den bezalakoa kasualitatez, batzuetan gauzak atzetik datoz.

Helarazi nahi dudan mezua da arazo baten aurrean ez garela biktima kontsideratu behar. Gauzak zergatik gertatzen zaizkigun ulertu behar dugu, nondik etorri daitekeen arazoa, bizitzak zer esan nahi didan... Inork ez digu irakasten bizitzak parean jartzen dizkigun seinaleak  irakurtzen, eta batzuetan behin eta berriz egiten dugu talka harri beraren aurka. Garrantzitsua da baita ere minari ez atxikitzea, mina eraldatu eta zer esan nahi duen ulertu ahal izateko. 

Zure esperientzia kontatzen duzu liburuan, beraz. Auto-laguntzarako liburu bat dela esango zenuke?

Ez nuke esango auto laguntzarako liburu bat denik, ez dudalako terapeuta ikuspegitik idazten. Nire esperientzia pertsonaletik hitz egiten dut. Liburua ez da fede-dogma bat. Prozesu batzuetatik zergatik igaro behar dugun ulertarazi didaten bizipenak kontatzen ditut liburuan, horiei buelta ematen eta positibotzat hartzen ikasteko eta bizitzaren magia sentitzeko.

Egia da baita ere irakasten diguten pertsonek askotan errua baliatzen dutela, gauzak gaizki portatu garelako gertatzen zaizkigula esanez. Errudun sentitzen garenean biktima papera hartzen dugu sarritan, eta horrekin hazten gara.

Gauzak hala, zerbait gertatzen zaigunean beti sartzen gara biktima paperean, gure bizitzekiko erantzukizuna hartu beharrean. Batzuetan nahitaez sartuko gara paper horretan, gizakiak garelako, eta dolu faseak igaro behar direlako. Baina ziklo hori pasa ostean garrantzitsua da ulertzen saiatzea zergatik bizi behar izan dugun hori, zer ikasi behar dugun jakiteko.

Gauzak hala, nire esperientzia kontatzen dut liburuan: zer egin dudan, zerk lagundu didan, zer gauzekin egin dudan topo... Bizitza ulertzen duzunean oso polita da hartaz gozatzea. Arazoa da inork ez digula irakasten zer den bizitza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide