JASONE PIKATZA ITURRITZA

“10 margolan berri sortuko ditut Amurrioko erakusketarako”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 26a, 06:15

Amurrioko erakusketa prestatzen ari da Jasone Pikatza Iturritza. / Aiaraldea.eus

JASONE PIKATZA ITURRITZA (Urduña, 1967) erakusketa atondu zuen Alondegian apirilean, eta ekainean Amurrioko La Casonan egongo dira bere lanak ikusgai. 

Erakusketa egin zenuen apirilean Urduñan. Lehena izan zen?

Bai. Beno, 20 urte nituenean ikasturte amaierako erakusketa batean parte hartu nuen, baina bestela bai, hau da lehena. 
Duela urtebete ekin nion argazkiak ateratzeari: lorategiei, zuhaitzei, ortuei... polita iruditzen zitzaidan guztiari. Reforretik paseoak ematen ditut, eta bertatik argazkiak egiten hasi nintzen. Gero bururatu zitzaidan akuarelazko margolanak egiten hastea, argazki horiek oinarritzat hartuz. 

Duela urtebete ekin zenion margotzeari orduan?

Ez, nik betidanik margotu izan dut, baina oleoak baliatuta. Urduñako margo tailerrean egon nintzen urte luzez. Bertan denek margotzen zuten oleoekin, eta nik ere. Hainbat pintura tailerretan egon naiz, eta erakusketak ikustera edo laminak erostera ere joan izan naiz batzuetan. Marrazkilaritzat dut nire burua.

Oleoekin hasi zinen, baina akuarelekin margotzen duzu orain. Zergatik egin zenuen aldaketa?

Oleoarekin margotzeko agoarrasa behar duzu. Nik pisu batean margotzen dut, eta substantzia horrek usain oso gogorra uzten du. 

Erabaki praktikoa izan zen orduan, artistikoa baino.

Une horretan bai. Konfinamenduan hasi nintzen margotzen. Beste margolari batzuen lanak jarraitzen nituen sare sozialen bidez. Koaderno txiki bat hartu nuen eta argazkiak akuarelara pasatzeari ekin nion, koaderno osoa betetzeko helburuarekin. Banan-banan egiten hasi nintzen eta, jendearen harrera ikusi ostean, Facebooken baten bat igotzera animatu nintzen. Zerbait homogeneoa osatu nahi nuen, berez oso pertsona desordenatua naizelako. Reforreko paisaiak hautatu nituen batez ere.

Akuarelarekin marraztea erosoagoa da, eta azkarragoa. Gainera, oleo orbanak oso zailak dira kentzeko. Uste dut konfinamenduan igarotako denborak aukera eman didala egiteko modu bat garatzeko, eta uste dut hori nabaritu egiten dela nire margolanetan. Egin nituen lehen lanak “marraztuagoak” dira, eta gero laminak gehiago “zikintzera” igaro naiz. Interes asko sorrarazten dit gainontzeko margolariek egiten dutena. 

Zer nolako harrera izan zuen Urduñako erakusketak?

Esan bezala, nire lanak sare sozialetan argitaratzeari ekin nion, Urduñako Facebook taldean, besteak beste. Jasotzen nituen iruzkinak, ezagunen partetik batez ere. Amurrioko Facebook Taldean argitaratzen hasi nintzen gero, eta ezagutzen ez nuen jendearen komentarioak jasotzen hasi nintzen bertan. 

Horrek animatu egin ninduen, gora etorri nintzen. Amurrioko Got Talent lehiaketara ere aurkeztu nintzen, nire semearekin. Bideo bat osatu genuen bien artean.

Mugikorrerako aplikazio bat erabiltzen hasi nintzen orduan, hainbat argazki bata bestearen atzetik erakusteko balio duena. Martxoan bideo bat igo nuen sare sozialetara aplikazio hori baliatuta, Queen taldearen Under pressure abestiarekin. Hau idatzi nuen: “Urtebeteko ibilbideak erakusketa bat merezi du”. Urduñako bizilagun batek erantzun zidan orduan: “Noski baietz!”. Orduan proposatu zidan Alondegiko arduradunak erakusketa egitea, denerako espazioa dagoela argudiatuta. Ilusio handia eragin zidan, baina nituen marrazki gehienak Amurrioko paisaienak ziren. Urduñako gutxi eraman nituen, baina asko saldu ziren.

Oso positiboki baloratzen dut esperientzia hura. Jende ugari bertaratu zen lanak ikustera, eta zorion mezuak eta deiak jaso ditut. 
Dena bideratua zegoela iruditu zitzaidan, eta orduan erabaki nuen Amurriora salto egitea.  

Amurrioko erakusketa ezberdina izango da?

Antzekoa izango da. Aretoa handiagoa da, baina ez dut horrenbeste denborarik. Urduñan 17 margolan plazaratu nituen, baina horietatik 12 baino ez zaizkit geratzen, gainontzekoak saldu direlako edo jendeari utzi dizkiodalako. Beste hamar margolan egiteko denbora izango dudala kalkulatzen dut. 22 lamina aurkeztea aurreikusi dut. 

Behin Amurrioko erakusketa igarota, zeintzuk dira zure asmoak?

Toki guztietara deitu dut. Arespalditza, Luiaondo edota Artziniegan jarri nahi ditut erakusketak, toki txikiak direlako. Orozkoko Museoan jarri ahalko dudala baieztatu didate, uztailean. Udako datak txarrak direla esan didate,  baina ez dut galtzeko ezer. Oso gaizki joan behar dira gauzak amore emateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide