IRUNE MINGUEZ OLIVARES

“Mons bezalako herri txiki batean atzerriko influentzia oso nabarmena da”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 24a, 08:00
Belgikako Mons herrian bizi da Irune MInguez. / Aiaraldea.eus

IRUNE MINGUEZ OLIVARES (Tertanga, 1997) Belgikako herri batean ari da Smart Cities and Communities masterreko ikasketak bukatzen. Bere egonalidaren berri eman dio Aiaraldea Hedabideari.

Zenbat denbora daramazu Belgikan?

Ikasten ari naizen masterra dela eta, atzerrian bizitzeko aukera izan dut. Masterrak Smart Cities and Communities du izena, eta Europako Batasunak hiru unibertsitate desberdinetako programak batu zituen master hau eskaintzeko. Hori dela eta, hiru herrialdetako hiru unibertsitateetan ikasi behar dut. Iaz, lehenengo lauhilekoa Eskozian ikasi nuen eta bigarren lauhilekoan Mons izeneko Belgikako herri txiki honetara ikastera etorri nintzen. COVID-19aren pandemia dela eta, nire ikasketak hemen amaitzeko aukerarik ez nuen izan, baina herrialde honetan hilabete eta erdi eman, eta esperientzia ikaragarri hona izan nuen. Hori dela eta, Belgikara bueltatu nahi nuen eta aukera bikaina aurkeztu zitzaidan master amaierako lana aukeratzeko orduan. Beraz, honako hau nire bigarren aldia da Belgikan, eta iaz amaitu ez nuen esperientzia amaitzeko asmoz etorri naiz.

Nolakoa da Mons?

Mons herri txiki bat da eta ondorioz nahiko lasaia. Horretaz gain, Mons herri oso polita da. Alde zaharra XV. mendeko etxe txikiek osatzen dute, eta astebururo turista nazional asko etortzen dira herria bisitatzera. Historia asko duen lekua den arren, Mons herri gaztea da. Unibertsitate handi bat du eta ikaslez beteta dago, herriari bizitasuna ematen diotenak.

Oso desberdina da bertako gizartea?

Nabaritu dudan aldaketa handienetarikoa hemengo gastronomia da. Ez naiz ohitzen hemengo otorduen ordutegira, eta Euskal Herriko janaria ikaragarri ona da, bertatik ateratzean  faltan bota dut. Hala ere, aipatu beharra dago hemengo garagardoa askoz hobea      dela. Bestalde Mons bezalako herri txiki batean atzerriko influentzia oso nabarmena da, non, batez ere, Turkiako eta Afrikako herritar frankofono  asko bizi diren.Azkenik, eta nahiz eta herrialde oso txikia izan, hiru hizkuntza ofizial dituzte: frantsesa, nederlandera eta alemana. 

Nola bizi izan duzue COVID-19aren pandemia bertan?

Orokorrean, Belgikako neurriak Euskal Herrian genituenak baino gogorragoak ziren. Herrialdera sartzeko test negatibo bat behar izan nuen. Ondoren, hona iristean, 7 eguneko berrogeialdia egin behar izan nuen, eta kalera irten aurretik, beste test bat egin behar izan nuen. Horretaz gain, heldu nintzenean nahiko tristea zen kaletik ibiltzea. Taberna, jatetxe eta ia denda guztiak itxita zeuden, eta urritik ez zituzten ireki. Unibertsitateak itxita zeuden eta telelana egiteko aukera zuten langileek etxean geratzeko agindua zuten. Beste guztia antzera zegoen: distantzia soziala, derrigorrezko musukoa, 00:00etan etxeratze-agindua, eta etxeetan bakarrik bertan bizi zirenak egon ahal ziren.

Zorionez, maiatzaren 8an neurriak pixka bat arindu ziren, eta orain dendak, jatetxeak eta tabernak irekita daude. Herria bizitzaz bete da berriro.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide