Goizeko hamaikak aldera iritsi gara Urduñako parkera, baina ordurako lan nahikoa egin dute dagoeneko auzolan taldeko kideek. Barbakoa gunea atondu dute, belar txarrak kendu dituzte, igerilekuen sarreran zeuden plastikoak eta zaborra bildu dituzte eta bankuak lixatu dituzte, besteak beste. Parkeko komunetan burutu dute lanik ikusgarriena: azpiegitura goitik behera garbitu dute, urdinez margotzeko jarraian.
Funtsean, La Muera deritzon zonaldea atondu dute, “udara begira”. “Laster irekiko dute igerilekua, eta gune guzti hau erabiliko da”, azaldu digu Eneko Calejero Beldarrainek, “berez, zonalde hau Bizkaiko Foru Aldundiarena da, baina urtean pare bat aldiz soilik bertaratzen dira mantentze lanak egitera, eta guk uste dugu guneak arreta gehiago eskatzen duela”.
Calejero arduratzen ari da Urduñako auzolan lan-taldea dinamizatzeaz, eta “oso positiboki” baloratu du ekimenak izandako harrera: “15 pertsona inguru batu gara auzolanean”. Herritar horietako bat da David Hosking. Parkeko banku bat LGTBI ikurraren koloreekin margotzen igaro du goiza. “Ez dut inoiz halakorik egin”, aitortu du, barre artean, “erraza dirudi, baina badu bere konplexutasuna. Inprimazioa prestatu behar da, koloreak nahastu...”.
Ekainaren erdialdean jarriko dute hurrengo zita, Foru plazan. Bertako lorategia berrituko dute, landare berriak jarrita
Hoskingek erabat egiten du bat auzolanaren filosofiarekin: “Gauzatxo asko daude egiteko eta udalak ez du guztiei heltzeko gaitasuna, erakunde txikia delako eta lursail zein azpiegitura asko daudelako”.
Gainera, berez du gustuko auzolanean aritzea. Bere hitzetan, “atsegina” da larunbat goiza aire librean igarotzea eta “ezagunekin topatu zein jende berria ezagutzea”.
Marwan Basaidi egon da Hoskingekin batera bankua margotzen. Marokokoa jatorriz, Urduñako adingabeen zentroan egon zen 18 urte bete arte, eta hirian bizi da orain. “Urduñak guri lagundu digun bezala, guk ere ekarpena egin nahi diogu udalerriari”, azaldu du, “denok gatoz zonalde hauek erabiltzera, eta garrantzitsua da ondo atonduak egotea”.
Auzolan bat hilero
Azken hamarkadan auzolan ekimenek pisu nabarmena izan dute Urduñan, baina azken urteetan “nahiko geldirik” egon da dinamika, Calejerok onartu duenez. Aurten, aldiz, indartsu ekin diote lan-taldea berrosatzeari. Udaberri hasieran egin zuten lehen asanblada, eta handik gutxira burutu zuten lehen auzolana: Nafarroa aparkalekua atontzea. “10 pertsona inguru batu ginen lehen asanbladan, eta 20 inguru lehen lan-egunean”. Hala ere, jende gehiago batzea dute helburu: “Guk nahi duguna da auzolanetara adin guztietako pertsonak joatea. Badaude ‘beteranoak’ diren pertsona batzuk, beti egon direnak eta beti daudenak. Baina beste adin batzuetako pertsonengana iritsi nahi dugu”.
Nafarroa aparkalekuan egin zuten lehen ekimena, udaberri hasieran. Hilero asanblada bat egiten dute, eta bertan ebazten dute zer egingo duten hurrengo deialdian
Izan ere, udalak sustatu duen arren, autonomoa da auzolan lantaldea. Tokiko erakundea “lotura” funtzioa egitera mugatzen da, Itziar Biguriren esanetan. “Taldearekin harremanetan gaude behar dituzten tresna edo baliabideak eskaintzeko, edo beste erakunde batean baimenak eskatu behar badira horiek tramitatzeko”, azaldu du alkateak. Proiektua hasi baino ez da egin, Calejeroren ustetan. Hilabetero auzolan bat egitea jarri dute helburutzat, eta lantaldearen autonomia mantendu nahi dute.
“Udalaren laguntza beti beharko dugu, diru-laguntzak jasotzeko eta materialak eskuratzeko”, aitortu du Calejerok, “baina nahi duguna da talde motorra izatea proiektuak planteatu eta egiten dituena”.
Dinamika “legealdi honetatik harago” mantentzea dute helburu. “Ez litzateke udalaren kolore politikoaren araberako zerbait izan beharko. Lan handia egin da azken urteetan, garbiketa kontuetan batez ere, pandemia hasi zenean ere egin ziren auzolanak beharra zuen jendea laguntzeko... eta horretan jarraitu nahi dugu”.
Ekainaren erdialdean egingo dute hurrengo auzolana, Calejerok aurreratu duenez. “Foru plazan bilduko gara, bertako lorategiak apur bat atontzeko. Amorebietako ezagun batzuk etorriko landareekin dira”.
Esperientzia gehiago
Urduñakoa ez da esperientzia isolatua eskualdean. Auzolana nahiko errotua egon da eskualdean historikoki. Urduñako gainontzeko herri txikietan (Lendoñon, kasu) oraindik egiten dira noizbehinka horrelako dinamikak. “Adra” deitzen diote zonaldean auzolana egiteari.
Aiaraldearen beste puntan ere topatu daiteke denboran iraun duen beste esperientzia interesgarri bat: Zollokoa. Bi auzolan egin ohi dituzte urtero herrian. “Iaz ez ziren egin, pandemia dela eta”, zehaztu du Txutxi Ariznabarretak, Arrankudiaga eta Zolloko alkateak, “baina normalean ekainean egiten da lehena eta urriko azken asteburuan bigarrena”. Herriko gune komunak garbitzea eta belarra moztea dira bi zeregin nagusiak. Urriko zita helburu argi batekin jartzen dute: herria Domu Santu egunerako zein San Martin jaietarako prest egotea.
Goizeko bederatziak aldera jartzen dute zita, eta hamaiketakoarekin ematen diote amaiera goizari. “Librea da joatea, baina ohitura da etxe bakoitzetik pertsona bat joatea. Behar diren erremintak ere baserrietatik eramaten dira”, azaldu du Ariznabarretak. Dinamika antzinatik datorrela gehitu du: “Ni duela 40 urte etorri nintzen herrira bizitzera eta orduan ere egiten zen”. Hala ere, egon dira aldaketak, alkatearen aburuz: “Lehen gizonezkoak soilik bertaratzen ziren lan-egunetara, baina azken urteetan hainbat emakume gazte batu dira”.
Zolloko auzolan dinamika ere bada nabarmentzeko modukoa: urtean bi aldiz biltzen dira bizilagunak, herriko gune komunak atontzeko
Hala ere, mota horretako auzolan jarraituak (maiztasun zehatz batekin errepikatzen direnak) galtzen joan dira eskualdean. Gaur egun, bestelako ekimen puntualek hartu dute protagonismoa: auzolan ugari egin ditu SOS Lamuza parkea plataformak edota Bitxobola talde ekologistak, besteak beste. Eskualdean dauden gune autogestionatuak (gaztetxeak, Jentilzulo kulturgunea, Burubio...) ere auzolan bidez eraiki eta mantendu dira.
Iragan igandean (maiatzak 30) gertatutakoa ere bada nabarmentzeko modukoa. Amurrioko hiru taldek (Mendiko Lagunak, Amurrio Trail eta Kuskumendi) deialdi bateratua egin zuten udalerriko mendi bideak garbitzeko eta bertan zegoen zaborra eta hondakinak kentzeko.
Mota horretako dinamikek “funtzio sozial garrantzitsua” betetzen dute, Ariznabarretaren hitzetan: “Auzolanaren garrantzia ez datza soilik egiten den lanean. Herriko jabego publikoaren gaineko ardura konpartitzean datza. Topaketa horiek aukera ematen dute bizilagunen artean hitz egiteko, eta zerbait apurtuta dagoen edo zerbait konpondu behar den... komentatzeko”.