Emakumezkoek hartuko dute oholtza NeskArtfest jaialdian, uztailaren 2an eta 3an

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 16a, 08:22
Atzoko aurkezpenaren irudia. / Urduñako Udala

NeskArtFest ekimena sortu dute emakume artistek eta sortzaileek arte eszenikoen munduan egiten duten lana ikusarazteko, eta ekainaren 21ean hasiko da epea ekintzetan izena emateko.

Atzo aurkeztu zuten Urduñan NesArtFest jaialdia Itziar Biguri Ugarte alkateak, Soledad Lezameta Astrain Berdintasun zinegotziak, Carmen Olabuenaga Vergara Udaleko Kultura Arloko teknikariak eta David Baskaran Kuluxka konpainiako ordezkariak. Egitasmoaren helburua da emakumezkoek sortutako lanak ikustaraztea eta horretarako ari dira elkarlanean udala eta Kuluxka konpainia.

Egitaraua

NesArtFestek bi egunez eramango ditu ekintzak Urduñara, uztailaren 2an eta 3an, eta egitarau osoa hurrengoa izango da:

  • Uztailaren 2an: “Berdintasuna eszenan: gogoetak Euskadiko arte eszenikoetan genero-berdintasuna lortzeko” foruarekin hasiko da jaialdia 19:30etik 20:30ak arte Alondegian. Horren ostean, Lo que me sale de la concha antzezlana eskainiko du Cristina Calvok, Andra Mari Plazan, 21:00etatik 21:45ak arte.
  • Uztailaren 3an, 10:30ean hasiko da jardunaldia. Cristina Arias aktoreak haurrentzako tailerrak eskainiko ditu Andra Mari Plazan 10:30etik 12:30ak arte. Jarraian, Tepsis Teatro konpainiaren Despierta! Retablos de la vergüenza lanaz gozatzeko aukera izango dute urduñarrek zezen-plazan, 13:00etatik 14:00etara bitartean.
    Arratsaldeko egitarauari dagokionez, Los caminos de la vida antzeztuko du Colectivo Artea taldeak, 17:00etatik 18:00ak arte, zezen-plazan. Ondoren, Cia Ido Lo Ca konpainiaren txanda izango da, Andra Mari Plazan 18:30etik 19:30era, ¡Qué circo de mujer! obrarekin.
    Avril Teatro Breve konpainiaren Avril izeneko lanak girotuko du gauaren hasiera, 20:00etatik 20:30era zezen-plazan. Amaitzeko, Las Lentejas taldearen kontzertuak amaiera emango dio egitarauari, 21:00etatik 21:45ak arte, zezen-plazan ere bai.

Izena ematea

Pandemia dela eta, aldez aurretik izena eman beharko da jaialdian parte hartzeko. Hilaren 21ean eta 22an online galdetegiaren bitartez urduñarren txanda izango da eta hilaren 23an, Alondegian aurrez aurre, Urduñako eta Arrastariako bizilagunentzako eguna.

Sarrera batzuk soberan geratuko balira, beste udalerrietako herritarren eskura jarriko lirateke. Sarrerak jasotzeko eta ordaintzeko egunak, bestalde, ekainaren 28a eta 29a izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide