Jardunaldiak egingo dituzte Pedagogia Berdea Goi Mailako Ikastaroko ikasleek bihar -uztailak 10- Urduñako Gernika plazan. 16:30ean hasiko da ekimena, eta lau orduz luzatzea aurreikusi dute.
Hau izango da egitasmoaren helburua: Heike Freire eta Inma Marinen #Jolasagara kanpainari sostengua ematea. Freire da, hain zuzen, Pedagogia Berdeari buruzko ikastaroaren dinamizatzailea.
Jolasaren definizioa aldatzea eskatu diote bi hezitzaile horiek Espainiako Hizkuntz Akademiari, orain indarrean dagoenak ez dituelako “jolasaren dimentsio guztiak” aintzat hartzen.
Horri begira, “adin guztientzako jolasgunea” atonduko dute Gernika plazan. Ondorengo txokoak prestatuko dituzte bertan: antzerki topaketa, zen lorategia, jolas librerako azpiegiturak, 0-3 urte bitarteko haurrentzako jolasgunea eta helduentzako jolasen espazioa.
Gauzak hala, “ariketa praktiko bat” izango da biharkoa, antolatzaileen esanetan. “Jolasaren dimentsio guztiak modu praktiko batean erakutsiko ditugu bertan”.
Sarrera librea eta doakoa izango da.