Aiaraldea zeharkatuko du Euskadiko Parapente Txapelketak, “oinez eta hegan”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 20a, 07:00
Urduña izango du helmuga hegaldiak. / Gorobel Parapente Taldea

Orozkotik Urduñara joan beharko dira kirolariak, 20-25 kilometroko hegaldia eginda. 

Parapentearen hiriburu bilakatu da Aiaraldea datorren asteburuan. Eskualdea zeharkatuko du Euskadiko Txapelketak, “Oinez eta Hegan” modalitatean. “Modalitate honetan parte hartzaileek ibilbide bat egin behar dute oinez, parapentea sorbaldan daramaten bitartean”, azaldu dute Gorobel Parapente Taldeko kideek, “behin hegaka daudela, pilotuek aireko baliza batzuk egin beharko dituzte”. Kirolarien hegaldi-estrategia “berebizikoa” izango da proban, horren arabera iritsi ahalko baitira lehenago ibilbidearen amaierara. 

Urduñan egongo da helmuga. 10 kilometroko bidea egin beharko dute parte hartzaileek oinez, 800 metroko desnibel positiboarekin. Hegaldia, aldiz, 20-25 kilometro ingurukoa izango da, eta 5 orduko iraupena izango du, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. “Helmugara lehenak iristen direnek baliteke 3 ordutan amaitu ahal izatea, baldintzen araberakoa izango da”. 

Baldintza klimatologikoek erabat baldintzatu dezakete kirol-egitasmoa. Gauzak hala, behin betiko ibilbidea azken unean zehaztuko da, eguraldiaren arabera. Antolakuntzak bi bide posible zirriborratu ditu. Lehena da Orozkotik Urduñara doana. “Eguneko baldintza meteorologikoek bide hori modu seguruan egitea ahalbidetzen ez badute, Urduñako haranean egingo da norgehiagoka”, aurreratu dute, baina ohartarazi dute bi bideak konplexuak izango direla, eta ahalegina eskatu dutela parte hartzaileen partetik.

Postu bat egongo da Urduñako Foru plazan, kirol proban irauten duen bitartean

23 parte hartzaile momentuz

Momentuz 23 kirolarik eman dute izena proban. Hainbat parte hartzaile ezagun daude tartean: Gorka Tornos (iazko edizioko txapelduna), Iñigo Gabiria, Jose Isidro Gordito eta Ivan Castro. 

Horrez gain, kategoria ireki bat ere egongo da, Euskadiko Federazioko kideak ez diren hegalarientzat. 

Inoiz baino emakume gehiago

Antolatzaileek nabarmendu dute momentuz hiru emakumek eman dutela izena (Ane Inchaurraga, Marga Sanz de Diego eta Marta Soto). Gutxi diren arren, orain arte egon den emakume kopuru handiena da. “Kirol honetan sexu bereizketarik ez dagoen arren oraindik gutxi dira jarduera honetan parte hartzen duten emakumeak. Apurka apurka geroz eta gehiago ikusten dira”. 

Larunbateko norgehiagokan ebatziko da nortzuk joango diren Espainiako Txapelketara. Norgehiagoka hori aurten egingo da lehenbiziko aldiz, irailean Agerren (Lleida). 

Postua Foru plazan

Postu bat egongo da Urduñako Foru plazan, kirol proban irauten duen bitartean. Ekitaldiaren jarraipena egingo da bertatik, eta parapentea jendarteratzeko ekintzak ere egingo dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide