Kultur sorkuntza Aiaraldean

Eriz & Lainopilak proiektuaren lehen singela, entzungai

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 25a, 07:00

Kepa Calvo eta Alex Lopezekin batu da Eriz Perez bere bakarkako proiektua garatzeko. Datorren ostiralean eskainiko dute lehen emanaldia, arratsaldeko zortzietan Amurrioko Guk parkean. 

Entzungai dago dagoeneko Eriz & Lainopilak proiektuaren lehen singela: Aizu!. Eriz Perezek abiatu du proiektua. Duela bost urte hasi zen abesti propioak konposatzen, baina orain arte ez du tarterik izan proiektu pertsonal hau garatzeko. “Denbora asko daramat eszenatokietan, baina beti egon naiz talde batean edo beste artista bakarlari batzuetzat lanean”, azaldu du musikari urduñarrak, “baina gogoak nituen abesti batzuk egin eta probatzeko”. 

Bi gauza hasieratik izan ditu argi Perezen. Lehena, musika estiloa. “Disko rockeroa egin nahi nuen, 'gitarreroa', soloz betetako abestiekin, freskoa, funkya”. 90. hamarkadaren hasieran egiten zen musikaren ildoa jarraitzen du Eriz & Lainopilak proiektuak. “Spin Doctors, Red Hot Chili Peppers eta antzeko taldeen estiloari jarraiki”. 

Hizkuntza-hautua da proiektuaren bigarren ezaugarri nagusia. Perezek argi zuen euskaraz abestu nahi zuela. “Nire bizitza euskaraz egiten dut eta koherentea iruditzen zitzaidan horrela egitea, nahiz eta erreferentzia gehienak estatu batuarrak edo ingelesak izan”.  

Lagunekin

Hirukotea osatu du Perezek proiektua garatzeko. Kepa Calvo eta Alex Lopez dira bere “laino opilak”. Lagunak dira biak, eta hainbat proiektutan kointziditu du eurekin. 

Diskoa, udazkenean

Ostiralean igoko da hirukotea lehenbiziko aldiz oholtza gainera. “Emanaldi horri begira atera dugu singlea”, azaldu du Perzek- Abuztuan, aldiz, diskoa grabatzea aurreikusi dute. “7 kanta ditugu konposatuta. Datorren hilabetean grabatu nahiko genuke, urria aldera argitaratu ahal izateko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide