Urduñako Mugalde tabernako terrazan izan zen ikuskizuna, eta dozenaka lagun bertaratu ziren emanaldiaz gozatzera. Aitor San Roman bizilagunak bideoz grabatu zuen, eta hemen goian ikusi daiteke osorik.
Amak, amonak eta memoria arazoak izan zituzten hizpide bi sortzaileek, musika eta olerkiak uztartuta. Musikari urduñarraren konposizioak baliatu zituen Etxaburuk irailean plazaratuko duen liburuaren zenbait pasarte errezitatzeko.
Denbora zeraman proiektuak tintontzian. "Mikel eta biok sare sozialen bdiez ezagutu genuen elkar", oroitu du Izaskun Del Cerrok, "niri pilo gustatzen zitzaidan bere idazteko modua eta berari nire musika gustatzen zitzaion".
Telefono bidez osatutako emanaldia
Elkarrekin zer edo zer egitea zuten buruan, baina orduan iritsi zen pandemia, eta albo batera utzi zuten proiektua, harik eta Mugalde elkarteko kideen deia jaso zuten arte. "Poesia musikatua egiteko proposatu ziguten. Elkarren artean hitz egin genuen eta oso pozik heldu genion erronkari".
Pianoa eta ahotsaz gain, telefonoa ere izan dute funstezko lanabes. "Telefonoz hitz eginda osatu dugu emanaldia. Ostiralean topatu ginen lehenbiziko aldiz, emanaldia baino bi ordu lehango".
Sorkuntza prozesua ezohikoa izan den arren, "oso pozik" daude emaitzarekin. "Ikuskizuna mugitzea gustatuko litzaiguke, eta emanaldi gehiago lotzea".