Bedarbideko borda berritu dute Txarlazo Mendi Taldeko kideek. “Duela bi urte ikusi genuen txabola hori existitzen zela. Gorobel mendilerroaren bazterrean dago”, kontatu du Jon Etxeguren Aspuruk. Urduñako Udalarena denez, tokiko erakundeari eskatu zioten eraikina berritzeko baimena, eta duela bi hilabete ekin zioten lanari.
“Txapazko teilatua kendu genion. 40-50 urte inguru zituen eta erabat apurtua zegoen”, azaldu du mendi taldeko kideak. Etxolak dituen bost habeetako bi ere aldatu zituzten, eta txapa berria jarri zuten, “berde kolorekoa, asko nabarmendu ez dadin”.
Etxolaren barruan zegoen zakarra ere kendu dute. “Ardiak sarritan sartzen ziren etxolara. Metro erdi zabor kendu dugu guztira”.
Lana amaituta, zabalik utzi dute espazioa, behar duen orok erabili dezan, “eguraldi txarretik babesteko”.