URDUFOLK 2021

El Trasno, Joseba Tapia eta Faltriqueira taldeak taularatuko ditu Urdufolk jaialdiak aurten

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 11a, 07:00
2013tik hona dozenaka folk banda igaro dira jaialditik. / Aiaraldea.eus

Irailaren 4an egingo dute jaialdiaren 9. edizioa. Kontzertuak ikusteko beharrezkoa izango da izena aurretik ematea.

Urduñako hiru folk musikazaleren iniziatibaz jaio zen 2013. urtean Urdufolk jaialdiaren lehenengo edizioa. Ideia urte eta erdi lehenago sortu zen Joseba Urruela eta Nadia Pazen buruetan, eta Iñaki Plazaren laguntzaz proiektuari forma ematen hasi ziren. Ereduak bilatzeari ekin zioten aurrena, han-hemenka antolatzen ziren folk jaialdi txikiak ezagutuz. Behin ideia definituta, udalari aurkeztu eta 2013ko lehenengo edizio hura antolatzen hasi ziren buru-belarri. Geroztik, urtero bilakatu dute Urduña folk musikaren hiriburu.

Banden lehiaketa

Folk banden lehiaketa hartzen du bere baitan Urdufolk jaialdiak. Maiatzean hasten dira antolakuntzako kideak deialdia zabaltzen eta proposamen desberdinak jasotzen. Lau talde finalistek Urduñan jotzeko txartela lortuko dute, Urdufolk jaialdiko kartelaren barruan. Horrekin batera Euskal Herriko eta nazioarteko talde pare bat gonbidatzen dituzte.

Profil eta estilo oso desberdineko bandak igaro dira Urduñako oholtza gainetik urte guzti hauetan: "Nagusiki Estatuko banden proposamenak jasotzen ditugu, baita Italia, Suitza edota Frantziakoak ere" azaldu dio  Joseba Urruela antolatzaileak Aiaraldea Komunikabideari. "Urteekin lortu dugu folk musikaren munduan erreferente izatea, eta hemen jo duten banda asko jaialdi handietan jotzen ibili dira gero".

Adin eta musika gustu desberdinetarako jaialdia dela nabarmendu du Urruelak: "Duela pare bat urte Lèpoka folk-metal banda ekarri genuen, eta oso harrera ona izan zuen".

COVID-19a dela eta egun bakarrera mugatu behar izan dute eskaintza, baina lortu dute jaialdia aurrera ateratzea.

2021eko edizioa

COVID-19ak sortutako pandemiak ez ditu Urdufolk jaialdia ezta bere antolatzaileen grina gelditu. Iaz ez zuen lortu, eta aurten ere ez du lortuko, irailaren 4an  bederatzigarren edizioa ospatuko baitu Urduñako folk jaialdiak.

Osasun neurriak errespetatuz eta dozenaka boluntarioren laguntzari esker aterako dute aurrera edizio berri hau.
Aurten Joseba Tapiaren Banda eta Faltriqueira taldea taularatuko ditu Urdufolkek. "Gainera El Trasno gaiteroen banda Urduñara etorriko dira aurten berriro ere" gehitu du Urruelak. Talde horrek kalejira eskainiko du hiriko kaleetan barrena, 13:00etatik aurrera.

Kontzertuak, aldiz, herri eskolako patioan izango dira, 19:30etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, baina bertaratzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Abuztuaren 30tik irailaren 3ra arte egongo da horretarako aukera, hemen. Irailaren 1etik 3ra, aldiz, presentzialki eman ahalko da izena, Alondegian, eta bertan jaso beharko dira sarrerak.

Amurrioko Burubio Elkartearekin edota Orozko Rock jaialdiarekin ere mantentzen dute harremana, garai hauetan praktikan jar daitezkeen eredu desberdinak partekatzeko helburuarekin.

Etorkizunera begira

Datorren urtean ospatuko duten 10. edizioan dute jarrita ikusmira Urdufolkeko antolatzaileek. "Edizio berezi bat prestatu nahi dugu, orain arte baino anbizio handiagokoa. Asteburu bakar batera mugatu beharrean hilabete osoan zehar luzatzen den jaialdi bat, nazioarteko banda potente baten parte hartzearekin". Bide horretan, finantziazioa bilatzeari ekin diote. "Urdufolk jaialdiak lagundu egin du Urduña mapan kokatzen eta 10. edizioan eredu horretan sakondu nahi dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide