TOKI KUTTUNAK

Mari Carmen Diaz de Lezanaren toki kuttuna: Barrerilla mendatea

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 17a, 10:17
Txirrindularitza zale asko erakartzen ditu Barrerilla mendateak. / Aiaraldea.eus

Mari Carmen Diaz de Lezana txirrindulariak asko maite du Barrerilla mendatea. Gaztetan erronka handia zen bertako malda luzeak igotzea, baina hamaika aldiz igaro da bertatik.

Mari Carmen Diaz de Lezanak soberan daki bizikletaz ibiltzeko eskualde pribilegiatu batean bizi garela: "Denetarik daukagu inguruan: mendate gogorrak eta lautada leunak. Ez dago bizikleta ez hartzeko aitzakiarik".  Baina Aiaraldeko ehunka errepide kilometroren artean, baten bat aukeratzeko eskatzerakoan zalantza izpirik ez du: La Barrerilla mendatea da pedalkadak emateko bere tokirik kuttunena.

Gaztetan ezagutu zuen bertako malden exigentzia maila altua. "Gure familiak erlauntzak zituen Unza inguruan, askotan igotzen genuen portua. Betidanik harritu naute bistek". Kotxez egiten zuten bidea, jakin gabe noizbait bizikleta gainean igoko zela Unzako erlauntzak bisitatzera.

Mari Carmenek ez du oroitzen La Barrerillako gaina igo zuen lehenengo aldia. Ondo gogoratzen ditu, ordea, egun hori heldu aurretik egindako hamaika saiakerak: "Garai hartan martxa aldagailurik gabeko bizikleta bat erabiltzen nuen nik, nesken bizikleta deitzen zuten. Orduan hasi nintzen Barrerilla igotzeko saiakerak egiten. Nire bizikletarekin Aloriara arte iristea egundoko erronka zen, bertan ematen nuen buelta erdia. Ez zen garaipen eskasa! Hurrengo egunean pixkat gehiago sufritu eta beste koska bat kentzen nion portuari" Pedalkadaz pedalkada iritsi zen La Barrerillako gaina konkistatzeko eguna, eta beste hamaika egun etorri ziren haren atzetik. "Askotan igo dut La Barrerilla. Gasteiz aldean egiten zen edozein txirrindularitza martxara joateko ere bertatik igarotzen ginen".

Txirrindularitzaren munduan, ordea, Urduñako mendateak askoz fama handiagoa du, baina Mari Carmenek ez du uste horrek Barrerillari itzal egiten dionik: "Barrerilla desafianteagoa da, gehiagotan igo daitekeelako. Bista izugarriak ditu eta kurbak oso entretenigarriak dira."

Duela hilabete Europa zeharkatzeko erronkari heldu zion Mari Carmenek. 26 egunetan lotu zituzten Euskal Herria eta Vaticano Hiria. "Abentura izugarria izan da! Oso leku ederretatik igaro gara, eta gainera bidean ez dugu inolako oztoporik aurkitu: ez da inor erori, ez zaizkigu gurpilak zulatu....  Egundoko arrakasta izan da gurea!".

Atzerriko errepideetan barrena bizitako abentura luze horretan ere ez da Barrerillaz ahaztu, eta Urduñako mendatea igotzeko erabilitako filosofia berdina baliatu du Vaticanorako bidaian ere: "Barrerilla igotzeko modurik onena piano-piano igotzea da. Hasiera nahiko aldapatsua du Aloriara iritsi arte eta gero leundu egiten da bihurgunez betetako errepidean gora. Italiara bidaia ere horrela egin genuen: piano piano. Gogoan dut bide erdia eginda genuela esan zidatenean; nire artean pentsatu nuen beste erdia falta zitzaigula, eta hori asko zen!" Azkenean, kemenari eutsi eta lortu zuten bidaiaren helburua betetzea. 

Bidelagun izandakoekin bazkari bat du pendiente Mari Carmenek: "Kontuak egiteko dela diote, baina nago ni horrelako beste abentura batean sartu nahi nautela!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide