Urduñako Udalak publiko egin zuen udal-hilerrian Duintasunaren kolunbarioa eraikitzeko lanen lizitazioa. Hau eraikitzearen helburua Urduñako kontzentrazio esparruan eta espetxe zentralean hildako pertsonei nahiz Gerra Zibileko eta frankismoaren biktimei omenaldia egitea izango da, hain zuzen. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 13an bukatuko da, 14:00etan.
Obraren aurreikuspenean 72.720 euroko aurrekontua kalkulatu dute, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak finantzatuko du. Bertan, hilobitik atera zituzten Gerra Zibileko biktimen gorpuak gordetzeko espazioa diseinatuko da.
Proiketuaren aitzindaria Elgoibarko Olasoko hilerriaren ondoan 2017ko urtarrilean inauguratutako kolunbarioa da. Honek 44 hobitik ateratako 57 pertsonen gorpuak jasotzen ditu.