Urduñako Txarlazo Mendi Taldeak irteera bat antolatu du Pirinioetara. Irailaren 18an, larunbata, Acheritoko iboira igoera egingo dute, 1.867 metroko desnibelarekin eta 3 orduko iraupenarekin. Igandean, ordea, Castillo d'Acherrera egingo da igoera, 2.384 metroko altuera duen Piriniotako gailurra.
Irteera larunbatean egingo da, suhiltzaileen egoitzaren aurreko autobus geltokitik, 8:00etan. Iboira txangoa burutu ondoren, afaria, ostatua eta gosaria programatuta dago, Ozako basoko Borda Bisaltico kanpinean. Hala ere, mendi taldetik komunikatu dute parte hartzaile bakoitzak larunbaterako eta iganderako janaria eraman behar duela.
Bestalde, igandean Castillo d'Acherrera igoera egingo da, 7:00etatik hasita. Erdi-mailako zailtasuna duen ibilbidea da, mendi taldeak zehaztu duenez.
Izen-ematea Lupardika tabernan edo Txarlazo Mendi Taldearen egoitzan egin daiteke, asteartean 19:00etatik 21:00etara. Epea asteazkenean bukatuko da. Bazkideek 75 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, ordea, 85. Inskripzioa baieztatzeko 40 euro ordaindu beharko dira azken inskripzio eguna baino lehen.
Txarlazo Mendi Taldeak hala azaldu du: “gure gidariek indarrean dauden osasun-neurriak betetzeko eskatu dute. Gainera, eguraldi txarra egitekotan, ibilbidea aldatu ahal izango dugu”.