Kirolariz beteko da bihar Urduñako “La Txoza” gaina, mendi duatloia abiatuko baita bertatik arratsaldeko bostetan. Ez da ezberdintasun askorik egongo iazko edizioarekin alderatuta, antolatzaileek aurreratu dutenez. COVID-19aren aurkako neurriak mantenduko dituzte, baina egoera berrira egokituta. “Egia da jada ez gaudela testuinguru berdinean, iaz neurri zorrotzagoak mantendu behar izan ziren”, azaldu dute.
Toki aldaketa ere mantendu dute. “Iaz egin zen probaren irteera plazatik atera eta 'La Txoza' gainara eramateko apustua”, oroitu dute. Ezaugarri bereziak ditu toki horrek. “Alde batetik, mendi erdian dago, eta horrek aukera asko ematen dizkie parte hartzaileei, lasterketa zuzenean mendian hastea ahalbideitzen duelako”. Baina zailtasunak ere detektatu dituzte, ikusgarritasuna lortzea konplikatuagoa izatea kasu.
Hala ere, erdigunetik aldetzea ez zen oztopo izan iaz. “Balorazioa oso positiboa izan zen, jende pilo agertu zelako”. Horregatik erabaki dute kokalekua mantentzea.
Bi modalitate
Hiru zatitan banatuta dago lasterketa. Lehenbizi, 7 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek korrika. BTTko tartea egongo da gero, 15 kilometrokoa. Bukatzeko, beste 1,5 kilometro egingo dituzte kirolariek. “Bi aukera dituzte parte hartzaileek: proba osorik egitea edo binaka parte hartzea, batek korrika eginda eta beste batek BTTko zatia osatuta”.
Izen ematea irekita dago www.kirolprobak.com atarian.
Antolatzaileek nabarmendu dute duatloia “jende askoren lan boluntarioari esker” ateratzen dela aurrera. Gainera, Euskal Herriko Mendi Dutaloien zirkuituko proba da eta, horregatik, kanpoko jende ugari bertaratuko dela aurreikusi dute.