ERREPORTAJEA

Hobbitek Eskualdea konkistatu zutenekoa

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 26a, 13:01
‘Estelcon’ topaketako parte hartzaileak. / Aiaraldea.eus

Estelcon topaketa antolatu dute J.R.R. Tolkien idazlearen zaleek Urduñan. Bost egunez  idazle britainiarraren munduan murgildu dira 200 lagun baino gehiago.

Kutsu berezia du Aiaraldeak JRR Tolkien idazlearen zaleentzat. Bertako muino berdeek, basoek, Erdi Aroko herriek edota Gorobeleko gailurrek Eraztunen Jauna eleberri bildumako “Eskualdearen” antza oso handia du, eta horrek zale frikien lilurak pizten ditu. Horixe bera aitortu digu Joseba Lezamizek, Estelcon topaketaren antolatzaileetako batek.

Urduñako Andra Mari ikastetxean jaso gaitu Lezamizek. Jendetza dabil ikastetxeko korridoreetan gora eta behera. 200 lagunetik gora bost egun egon dira bertan. Azken egunean bertaratu gara gu. Maletetan ondo jasoak dituzte dagoeneko traste guztiak, baina oraindik bada mozorroa kendu nahi ez duen parte hartzailerik ere.

Tolkienen lana oinarri

Espainiako Tolkien Elkartea dago Urduñako Estelcon topaketaren atzean. JRR Tolkien idazle britaniarraren bizitza eta lana aztertzea eta sustatzea du helburu elkarteak. “Oso kontu eruditua dirudi horrela esanda, baina funtsean gaia maite dugun friki batzuk gara, ondo pasatzea helburu dugunak” aitortu du Joseba Lezamizek. Horrek ez dio gaiari seriotasunik kentzen, elkarte barruan badira Tolkienek eraikitako mundu literarioaren inguruan saiakera liburuak edota doktoretza tesiak idatzi dituztenak, eta badira liburuak irakurri eta hauen inguruan hitz egin eta mozorratzea gogoko dutenak.

Ildo guzti horiek uztartzen ditu Espainiako Tolkien Elkarteak. Urtean behin topaketa bat antolatzen du kide guztiak elkartu eta guztiek batera egun atsegin batzuk igarotzeko. “Normalean Estelcon topaketen kokalekua aukeratzeko gaiarekin lotura duen leku bat bilatzen da: Erdi Aroko herri bat, gaztelu zahar bat, monastegi bat... Urduñak eta Aintzinako Andra Mari ikastetxea leku aproposak suertatu dira horretarako. Gainera, ingurune natural paregabe batean dago kokatuta, Eraztunen Jaunaren liburuko pasarteen eszenatokien antz handia duena. Sevilla edota Madrilgo jendea etorri da topaketara, eta liluratuta geratu dira ingurunearekin” azaldu digu Lezamizek.

Hobbitak auzolanean

Espainiako Estatuko ehunka lagunek osatzen dute Tolkien Elkartea. Idazle britainiarraren zale guzti horiek nola antolatzen diren galdetu diogu Lamikizi. “Delegaritza txikietan antolatzen gara. Esparru geografiko konkretu bateko bost zale baino gehiago elkartzen direnean osatzen dira. Hauei Smial izena jartzen diegu, hobbiten etxeen omenez. Gurea “Dragoi Berdearen Smiala” da, eta Euskal Herriko zaleak elkartzen dira bertan, nagusiki Bizkaia eta Arabakoak gara taldekideak”.

Hain zuzen ere “Dragoi Berdeak” hartu zuen iaz Estelcon topaketa antolatzeko ardura, urtez urte delegaritzen artean txandakatzen den eginbeharra. Pandemiak, ordea, galarazi egin zien 2021eko maiatzean ospatu ahal izatea, eta urriaren 12ko zubira atzeratu behar izan zuten. “Postiboa izan da atzeratzea, bost eguneko topaketa batzuk antolatzeko parada eskaini digulako zubi luze honek, duela asko ez zela hain topaketa luzerik antolatzen”.

2019an ospatu zuten azken Estelcon topaketa, eta bi urte eta erdiren ostean marka guztiak hautsi ditu euskal delegazio antolatzaileak, inoizko topaketarik handiena egin baitute. 200 lagun elkartu dira Urduñan; Tolkien Elkartearen historian topaketarik arrakastatsuena.

Azken urteetan zale berriak erakartzea lortu dute, eta gaur egun bazkideen errekorra gainditu dute: 700 kide dira Tolkien Elkartean

Tolkien Elkartea

30 urte bete ditu aurten Espainiako Tolkien Elkarteak, eta Urduñakoa da antolatzen duten 25. topaketa. “1992an, Tolkienen jaiotzaren urteurrenaren aitzakiapean, penintsula osotik sakabanatuta zauden taldeak elkartzeari ekin zioten. Garai hartan fanzineak erabiltzen zituzten frikien artean komunikatzeko, eta horrela jaio zen elkartea, Britainia Handiko Tolkien Elkartean inspiratuta”.

Elkarte guztien historian bezala, Tolkiendarrek ere euren gora beherak izan dituzte: “Pelikulak estreinatu zirenean egundoko hazkundea izan zuen elkarteak, mundu guztiak hitz egiten zuen Eraztunen Jaunaren inguruan. Denborarekin ordea, pelikulen sukarra jaitsi ahala guk ere behera egin genuen”.

Azken urteetan zale berriak erakartzea lortu dute, eta gaur egun bazkideen errekorra gainditu dute: 700 kide dira Tolkien Elkartean. “Sare sozialek asko lagundu digute. Tolkien zale asko daude baina ez dakite elkarte bat existitzen denik. Duela bi urte podcast bat jarri genuen martxan gure jarduna ezagutzera emateko, eta arrakasta erabatekoa izan da”.

Estelcon topaketa

Bost egunez luzatu da Urduñako Estelcon topaketa. Orotariko jardueretaz gozatzeko aukera izan dute parte hartzaileek, beti ere Tolkienen literatura ardatz. “Urtero egitaraua aldatzen den arren, badira klasiko bilakatu diren zenbait ekintza. Lehenengo gauean ipuin kontaketa bat egiten dugu. Oso atmosfera polita sortzen da eta kide bakoitzak gogoko duen Tolkienen ipuin bat irakurtzen du. Oso gauza irudimentsuak egiten dira pasartea girotzeko; batzuek musika jotzen dute, beste batzuek kandelak piztu, mozorratu...”, hasi da Lezamiz, “niretzako unerik hunkigarriena da”.

Bigarren gauean Lumilindë-a ospatzen dute, argiaren gaua. Finean musika emanaldi bat da, non parte hartzaileek gogoko dituzten abestien hitzak aldatu eta Erdialdeko Lurraldearekin erlazioa duten gaiak jorratzen dituzten.

Azken jarduera ikonikoa, laugarren gauean egiten dute gala-afaria da. Tolkien zaleak mozorratu egiten dira eta festa txiki bat antolatzen dute: “Normalean Tolkienen literaturarekin zerikusia duten mozorroak janzten ditugu, baina bada originalagoa den jendea eta beste edozertaz mozorratzen dena. Frikiak gara, eta gai hau maite dugun beste maite ditugu Star Wars eta horrelakoak. Helburua ondo pasatzea da!” adierazi digu antolatzaileak.

Hiru jarduera horietaz gain hamaika ekintza gehiago egin dituzte: mendi txangoak, testu akademikoen ikerketa, konferentziak, arku tailerra, kung-fu tailerra, idazketa elfikoko tailerra, herri kirolak, rol jokoak...

Espainiako Tolkien Elkartearen asanblada orokorra egiteko ere baliatu dute Urduñako zita. Zuzendaritza organoak berritu dituzte bertan.

“Triologia originalari dagokionean ikuspuntu desberdinak ditugu: batzuek gogoko dituzte, beste batzuek ez. Hobbita pelikulen inguruan, ordea, iritzia aho batezkoa da: zabor hutsa dira”

Liburuak ala pelikulak?

Eztabaidarako espazio ere izan da Estelcon topaketa, Silmarillionen eta Eraztunen Jaunaren unibertsoaren barruan puri-purian dauden gaiak aztertu dituzte: “Amazonek gaiaren inguruko telesail berri bat iragarri du, oso informazio gutxi dago horren inguruan eta nahiko eszeptikoak gara orokorrean. Oso positiboa izan daiteke, bere garaian pelikulak izan ziren moduan, edo erabat etsigarria izan daiteke, inolako oinarri literariorik gabea”.

Lokatzetan sartu gara, eta Peter Jacksonen filmen inguruan Tolkien zaleek duten iritzia galdetu diogu Lezamizi: “Triologia originalari dagokionean ikuspuntu desberdinak ditugu: batzuek gogoko dituzte, beste batzuek ez. Hobbita pelikulen inguruan, ordea, iritzia aho batezkoa da: zabor hutsa dira.”Tolkienzaleei zentzugabekoa iruditzen zaie Peter Jacksonek 200 orriko ipuin batetik bi ordu eta erdiko hiru film atera izana. Amazonen telesailak hainbesteko kezka sortzen ez diela aitortu digute, ordea: “Telesaila Tolkienek eraikitako munduan egongo da inspiratuta, baina ez obra literario zehatz batean, horrek askatasuna ematen die gidoilariei eta lasaitasuna guri”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide