7 hilabeteko katu batek hainbat perdigoikada jaso ditu Urduñan, Landatas inguruan, ezezagun baten eskutik. Iragan asteko asteartean jazo zen gertaera, katuaren jabeek salatu dutenez: “Lanetik itzultzean ortura joan nintzen, eta bertan topatu nuen Valentina -katua-, bankaletan geldi. Hasieran uste nuen ondoezik zegoela, eta albaitariarengana eraman nuen”. Bertan esan zioten animaliak tiro zuzen bat jaso zuela.
Perdigoiak heste lodia zulatu zion, eta hiru hilabete beharko ditu osatzeko. “Hori gauzak zailtzen ez badira”, nabarmendu dute jabeek, eta hausnarketa bat plazaratu dute: “Sentimenduak sentimenduak dira beti, ez dira aldatzen. Aldatzen dena da norentzat diren”.
Gauzak hala, animaliekiko errespetua funtsezkoa dela aldarrikatu dute, persona askorentzat euren katu eta txakurrak euren seme-alabak bezalakoak direla iritzita. “Gizakiak gure adimenagatik bereizten bagara beste animaliengatik, erakuts dezagun hori, eta ez dezagun jokatu burugabeko astapotroak bezala”.
Kasu gehiago
Iragan astekoa ez da kasu isolatua izan. Hala ziurtatu du Alexei Sanchez Puzok, Urduñako albaitariak. “Antzeko kasu bat izan genuen duela sei hilabete. Beste katu bat tirokatu zuten Tertangan, eta hil egin zen”, oroitu du, “horrez gain, beste kasu bat ere egon dela entzun dut, baina ez dugu gure klinikan artatu”.