"Berdintasunaren aldeko gailurrak, I. Martxa" izenarekin dinamika berria abiatu du Bizkaiko Mendi Federazioak. Urduña aukeratu dute lehenbiziko geltoki gisa, eta azaroaren 13an abiatuko dute ekimena.
"Emakumeak mendira hurbiltzera animatzea da martxaren helburua"
"Emakumeak mendira hurbiltzera animatzea da martxaren helburua", adierazi dute antolatzaileek oharrean, "horregatik, parte hartzeko eta aldarrikatzeko erronka proposatzen dugu, gure kirola festaz janzten den jardunaldi batean emakumeak ikusarazteko".
Ibilaldia 9:00etan aterako da Foru Plazatik, eta Txarlazo izango dute helmuga. "Bertan berdintasunaren eta Emakumeak Kirolean Partaidetzaren aldeko Manifestua" irakurriko dute, aurreratu dutenez. Topaketari amaiera emateko, mokadua eskainiko dute hirian. "Opari bana banatuko zaie partaide guztiei, eta musikaz gozatzeko aukera ederra izango dugu", erantsi dute.
3 euroko prezioa du jarduerak federatuentzat, eta 5 eurokoa gainontzekoentzat. "16 urtetik beherakoak badira, izena ematea doakoa da". Trukean, asegurua jasoko dute mendizaleek. Izen ematea azaroak 10 arte egongo da zabalik Bizkaiko Mendi Federazioaren atarian. "Informazio gehaigo edo zalantzak argitzeko, bidali mezua emakumeetamendia@bmf-fvm.org helbidera".