Ehunka kirolari eta beste hainbeste zaletu elkartu dira gaur goizean Urduñan, Gualdetxu taldeak antolaturiko Urduñako Mendi Lasterketaren IV. edizioaz gozatzeko. Gutxika bueltatzen ari dira kirol proba handiak eskualdeko egutegira, eta gaurkoa horren adibidea izan da.
Herriko dantzarien agurra jaso ostean, 33 kilometroko lasterketa osatu behar zuten kirolariak izan dira Foru Plazatik abiatzen lehenak. Fraileburu azpitik igo dira Txarlazora. Lehenengo gailur hori igaro ostean, Txoza iturri aldera jaitsi dira ziztu bizian lasterkariak, bertatik berriro ere gora egiteko.
Lasterketa erreleboka egin behar zutenek bertan eman diote lekukoa kideei. Bigarren igoera hau Bedarbideko malda ikusgarrietatik egin dute; herrira itzulera, aldiz, Senda Negra bidetik.
Javier Goitia izan da gizonezkoen kategorian azkarrena, ibilbide guztia 2 ordu eta 48 minututan osatu du. Lehia bizia izan da azken momentura arte, ordea. Izan ere, Julio Salazarrek Goitiak baino segundo bat beranduago gurutzatu du helmuga.
Emakumezkoen kategorian Zutoia Odriozola elorrioarra igo da podiumeko lehen postura. Errelebotan Ander Isla eta Josu Isasi izan dira garaile, bikoteak 2 ordu eta 56 minutu behar izan ditu lasterketako 33 kilometroak osatzeko. Esteka honetan kontsultatu daitezke emaitzak.
13 kilometroko lasterketa
Lasterketa nagusia baino ordu erdi beranduago abiatu dira 13 kilometroko lasterketako parte hartzaileak. Norgehiagoka bizia eta oso azkarra izan da. Ibai Perez igo da podiumeko lehen postura, 58 minutu eta 9 segundoko markarekin. Eskualdeko azkarrena Jon Maeso laudioarra izan da, eta hirugarren postua eskuratu du. Lore Moyua zarauztarra izan da emakumezkoetan lehena.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Endika Diaz