Urduñako Eroski supermerkatuan 10 euroko bi billete faltsu jaso dituzte azken egunetan. Begoña Torres dendako arduradunak azaldu du lehenengoa ostiralean agertu zela eta norbaitek apropos baliatu zuela egoera: "Jende ugari zegoen eta ez genuen denborarik izan horri erreparatzeko. Gero, kutxan zegoena zenbatu genuenean, konturatu ginen".
Atzo ere beste bezero batek 10 euroko billete faltsua eraman zuen Eroskira, baina Torresek honakoa aipatu du: "Argi eta garbi gazteak ez zekien faltsua zenik, nik jakinarazi nion eta bera zur eta lur geratu zen eta ez zekien zer egin. Argitu nion dirua galdu zuela, bankuak ez baitio itzuliko eta eskatu zidan billetearekin geratzeko. Ziurrenik norbaitek iruzur egin zion, guri bezala".
Egun gutxitan bi billete ikusi dituztenez, Begoña Torresek erabaki du publiko egitea norbait diru faltsua erabiltzen ari dela: "Nire ustez, billete faltsuak sartu dituenak badaki zer egiten duen. Izan ere, ostiralean guri iruzur egin zigun eta, nahiz eta ohituak gauden dirua ebaluatzera, pasa zitzaigun. Ez dut uste billete faltsuak inprimitu dituenak bi bakarrik egitea, hortaz, komenigarria da jendeak, bereziki nagusiek, jakitea, adi egoteko".
Salaketarik ez komisaldegian
Begoña Torresek aipatu du diru faltsua zirkulaziotik kenduko dutela eta kopuru txikia izan denez, ez duela salaketa jarri Ertzaintzan. Aiaraldea Komunikabidea poliziarekin jarri da harremanetan eta ertzainek berretsi diote ez dagoela, momentuz, salaketarik.
Edonola ere, Ertzaintzak azpimarratu du horrelako kasuetan onena dela salaketa egitea komisaldegian: "Talde antolatua bada diru faltsua sartzen ari dena, guk kontrolatu beharko genituzke bere mugimenduak".