Urduñako hilerrian memoria historikoari toki egiteko ekimena abiatu du udalak. Zehazki, 'Duintasunaren kolunbarioa' eraiki nahi dute, "gune horretan, hilobitik aterako diren Gerra Zibileko biktimen gorpuak gordeko dira, gerran eta frankismoan bidegabeki hil ziren pertsonak duintzeko helburuarekin". Azaroko osoko bilkuran onartu zuten proiektua, eta kontratua esleitu du dagoeneko tokiko erakundeak.
"Lanei datozen hilabeteetan ekitea aurreikusten da. Horiek lotetan banatu dira: obra zibila, gabaiak, inprenta eta hezurtegiak. Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua du udalak (BEZa barne), Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institututik datozenak. Partida horretan jasota daude proiektua, proiektuaren zuzendaritza eta aipatutako loteak", azaldu dute. Ildo beretik, hilerriko nitxoak ateratzeko 25.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.
"Urduñan, gutxienez, 225 pertsona hil ziren. Iragan horretaz jabetuta, Urduñako Udala hainbat jarduera burutzen ari da Memoria Historikoaren arloan 2011tik aurrera"
Memoria historikoa ardatz
Asko dira azken urteetan Urduñako Udalak memoria historikoari heltzeko gauzatutako ekimenak. Izan ere, 1937-1941 urteen artean bertan egon zen gerrako presoen kontzentrazio esparrua, espetxea barne. "Urduñan, gutxienez, 225 pertsona hil ziren. Iragan horretaz jabetuta, Urduñako Udala hainbat jarduera burutzen ari da memoria historikoaren arloan 2011tik aurrera".
"Duintasunaren kolunbarioa" Bizkaiko lehenbizikoa da. Proiektu aintzindaria Elgoibarren inauguratu zuten 2017ko urtarrilean. Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako bigarrena izango da, gainera. 2014ko abuztuan Urduñako espetxe zentralean gatibu zeudela hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak atera zituen Aranzadi Elkarteak hilerritik.
Bestalde, Urduñako espetxe zein kontzentrazio esparruan faxismoaren aurka borrokatzeagatik kartzelaratutako pertsonei buruzko informazioa bilatzen dabiltzan familiei laguntzeko zerbitzua du abian udalak. Beste urrats bat hiriko memoria eta historian.