‘Munduko antzinako lisaburdinak’ erakusketa inauguratuko dute Orduña Hiria Musoean datorren ostiralean, abenduak 17. Carlos Uzkiano delikarrak bere bilduma pertsonala eramango du erakusketa-gunera, eta datorren urteko ekainaren 26ra arte egongo da bertan.
Ia 1.000 lisaburdin bildu ditu Delikako bizilagunak, munduko bost kontinentetakoak eta hainbat garaitakoak. Horietako 300 aukeratu ditu erakusketa atontzeko. Uzkianok ia 50 urte daramatza zaletasun hori garatzen, bere familiaren baserriak sua hartu zuenetik. Bi lisaburdin erreskatatu ahal izan zituen bertatik azken momentuan, eta hortik datorkio grina.
Historian barrena
Lisaburdinaren historia ezagutzeko aukera izango du museora bertaratzen denak. Egiptoarrek, grekoek eta erromatarrek harrizko eta burdinezko tresnak erabiltzen zituzten arropa lisatzeko. Erdi Aroan, aldiz, ikatzarekin funtzionatzen zuten lehen gailuak sortu ziren, eta ondoren etorri ziren ura, alkohola edota gasa baliatzen zutenak. “Euskal Herrian ere eman zen bilakaera hori. Horregatik, bildumak zonaldeko hainbat ale ditu, etxeetan eta baserrietan nola erabiltzen ziren erakusteko”, azaldu dute museoko kideek, “industria metalurgikoak tresna horien ekoizpen eta garapenean izandako inplikazioa ere du hizpide erakusketak”.
Asteburuko ikusgai
Erakusketa asteburuetan eta jaiegunetan egongo da ikusgai, abenduaren 25 eta 31n izan ezik. Ostiraletan 17:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Igande eta jaiegunetan, aldiz, goizeko ordutegian soilik ikusi ahalko da.