ITZIAR BIGURI UGARTE

“Aukera handiak irekiko dira datorren urtean, erraza izango ez dela dakigun arren”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 28a, 21:46
Itziar Biguri Ugarte alkatea, bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

Erronkaz betetako urtea izango da 2022a Urduñan, ITZIAR BIGURI UGARTE alkateak aurreratu duenez. Tokiko erakundeak esku artean dituen proiektuez mintzatu da.

Urte bizia izan da aurtengoa, pandemiaren ondorioz. Zein balorazio egiten duzue?

Egoera arraroa izan da guztientzat. Udaletik hainbat ekintza moldatu behar izan ditugu egoeragatik. Akaso, baikorregia naiz, baina gauza asko egin direlakoan nago: ostalaritza eta komertzioei laguntzak eman dizkiegu, kultur eta kirol ekitaldi asko egon dira, baita euskara arlokoak ere. 

Egoera oso zaila izan da, arraroa, baina balorazio positiboa egiten dut, buelta ematen jakin izan dugulako.

Inbertsio eta aurrekontuei dagokienez, 2021eko aurrekontuetan jasotako %100 egin dugu, edo gehiago. Adibidez, plaka fotoboltaikoak jarri ditugu frontoian, eta ez zegoen aurreikusita aurrekontuetan, beste zenbait obra bezala. 

Memoria historikoa ere sustatu dugu, aurrekontuetan inbertsio txikiak egiteko aukera uzten dugulako beti. Turismoan ere hainbat ekintza eskaintzen jarraitu dugu. Puntu ilun edo latzen bat egotekotan, udal egoitzarena da, arazo ekonomiko oso handia baitugu. Azken finean, zerbitzu horiek oso  kaltetuak izan dira pandemiagatik. Jendeak beldurra du egoitzetara joateko. Kide gutxiago daude. Diru-sarrera gutxiago, beraz, baina gastuak antzerakoak dira. 2022. urterako hobetu ezean, Urduñako Udalak ahalegin handia egin beharko du hor dagoen defizita ordaindu ahal izateko. Foru Aldundiari laguntza eskatu diogu, baina ez dugu jaso (galerak konpentsatzeko jasotako babesa ez da nahikoa, langile gastu eta material gastu handiak egon dira). 

Ekonomikoki puntu iluna izan arren, nik beti esan dut, langileek sekulako lana egin dutela, bikaina izan da. Sekulako lana egin dute, eta pozik esan dezakegu COVID-19a ez dela egoitzan sartu. Ez da hildakorik egon, 4 gaixotu egon ziren, baina onik itzuli ziren. Egoitzako langileen kudeaketa 10ekoa izan da. 

Egoitzan pilatutako zorra kontuan hartuta, zein da une honetako egoera Urduñako Udalean? 

Egoitza aparte utzita, azken urteetan udalaren egoera ekonomikoa hobetu da. Genuen zorraren erdia kitatu genuen, eta urtero 300.000€ euro inbertitzen dira zorrari aurre egiteko. Gaur egun, zorra Urduñako Udalaren egoerarentzat ez da arazo handia. Alabaina, Urduñako edadetuen egoitzak baldintzatu ditzake Urduñako Udalaren kontuak. Urduñako Udalak egoitzari urtero 250.000€  euro esleitzen dizkio, baina 2022an agian 600.000€ izango dira. 350.000€ gehiago dira, eta horrek baldintzatuko ditu gure kontuak. 

Egoitzan 54 plaza daude, eta 43 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutakoak dira. Plaza guztiak betetzea da egoera arintzeko modurik onena. Horretarako, zerbitzua eskualdean promozionatzen ari gara, toki pribilejiatuan baitago. Era berean, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin negoziatzen ari gara, muga territorialak kentzeko. 

Europako Funtsetatik dirurik jasotzea espero duzue?

Espero dugu, bai. Asko hitz egiten da horretaz, baina ez dakit herri txikietan aukerarik dugun exijitzen diren dokumentazio eta proiektu guztiak osatu eta jarraipena egiteko. Urduñatik, merkataritza sustatzeko plana aurkeztu dugu. Proposamenak egin ditugu, baina oso dirulaguntza gutxi ateratzen dira 5.000 biztanle baino gutxiagodun udalerrietarako. 

Ponentzia sozioekonomikoarekin sekulako lana egin da Foru Aldundiekin batera, eta espero dugu hemendik gutxira neurri horiek iristea, izandako elkarrizketen ondorioak alegia. Gure kasuan, lehen sektorearekin egin ditugu proposamenak, baina baita industriagunearekin ere. Gure fabrika guneak hutsik daude, eta zokoratuta. Hori arazoa da baita ingurumenarentzat. 

Horrez gain, turismoa sustatzeko proposamenak ere jarri ditugu mahaigainean, Urduñako auzoak birgaitzeko planteamenduarekin batera. Urduñako auzo ugari (urbanizazioak eta etxeak) oso gaizki daude, eta birgaitzea behar dute energetikoki abantailak izateko, besteak beste. 

Gaztetxea utzi behar izan zuen Gazte Asanbladak udan. Egun, itxita dago eraikina. Zein da egoera?

Espedientea hasita dago, eraikinaren egoera dela eta. Ondorioz, hainbat neurri jarri behar izan ziren martxan, Gazte Asanbladari bertatik ateratzeko eskatzea horien artean. Izan ere, segurtasun aldetik ezin da erabili. Orain, eraikinaren kalteak baloratzea dagokigu, zein prozedura jarraitu behar den jakiteko noizbait modu seguruan erabili ahal izateko. 

“Udal egoitzaren egoera ekonomikoak baldintzatuko du datorren urteko aurrekontua (...) Egoera larrian gaude, nahiz eta Aldundiak diru-sarrerak handituko dituela esan”

Txarlazoko monumentuari dagokionez, nola doaz Villalba de Losako Udalarekin negoziaketak?

Antzinako monumentuari dagokionez, Villalba de Losako udalarekin urjentziazko neurriak adostu dira. Funtsean, hesia ipintzea eta hormigoi zatiak kentzea eta berriro estaltzea erabaki dugu. Urduñan lantalde bat sortu da Txarlazoko monumentuaren birgaitzea bideratzeko. Lehen urratsa diagnostikoa kontratatzea izan da, adituek azpiegituraren arazoak identifikatzeko. Dena den, dirutza izango dela uste dut, eta horrenbestez, finantzazioa bilatu beharko dugu horri aurre egiteko. 

Monumentua, berez, Villalba de Losako lur eremuetan dago, eta udal horrek Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko eskaera egin dio Gaztela Leoiri. Katalogazio hori lortuz gero, akaso dirulaguntzak etorriko dira.  Gastuak erdi bana ordaintzen ari bien bitartean. 

2022ko udal aurrekontuei dagokienean, zeintzuk dira aurreikuspenak?

2022ko aurrekontuak zailak izango dira. Udal egoitzak dena baldintzatuko du, eta inbertsioak datorren urtean murriztea egongo da. Egoera larrian gaude, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru-sarrerak handituko dituela esan. Udal egoitzak defizita badu, tokiko erakundeak erantzun behar du. Horren zain eta horrekin ari gara lanean. Dena den, arlo guztietan 2022an egin nahi diren jarduera eta proiektu guztien aurrekontuak egingo ditugu; eta ahal bezain beste enkajatuko dugu.

Zeintzuk izango dira lehentasunak?

Udal egoitza aurrera atera behar den zerbitzua da, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren azterketarekin hasi nahi dugu, eta auzoen birgaitzearekin. Horrez gain, diagnostiko energetikoak egin nahi ditugu (ez bakarrik udalarenak, herriarenak baizik). Gainera, Foru Plaza berrituko da, eta harresiaren bigarren fasea dugu egiteke. Bestalde, herri eskolako patioaren bernaturalizazioa bidean dago, dirulaguntza potentea jasota gainera. Auzolanekin ere jarraituko dugu, gastu txikia eragin arren oso ekimen polita baita. Proposamen asko ditugu, eta aukera handiak irekiko dira, erraza izango ez dela jakin arren.

2022. urtea ez bada proiektu estrategikoak egiteko garaia, hurrengoa izango da. Urduñako Udalak badaki zerbitzu sozialetako gastua zenbatekoa den, eta beharrezkoa bada horiek bultzatzen jarraituko dugu. 

Otxomaioak antolatuko al dira?

Antolatzen ari gara, bai. Kultur elkarteei proposamenak eskatu dizkiegu jada, eta urtarriletik aurrera kultura batzordea jarriko da martxan. Gure ilusioa otxomaio arruntak ospatzea da, baina egoeraren arabera joango gara ikusten. Dena den, pandemiak ez ditu Otxomaio jaiak gelditu, 2020an balkoitik ospatu genituen, eta 2021ean ere udaberriko agenda egon da. Datorren urtean, beste zerbait egin ahal izango da, horretan gaude eta seguru zerbait aterako dela!

Zein mezu helaraziko zenieke herritarrei?

Animo hitzak ateratzen zaizkit. Ziurrenik, denok bizi izan ditugu egoera zailak, pandemiaren eragina familia gehienek sufritu dute. Esker eta animo hitzak baino ez ditut. Duguna baloratzeko deia luzatu nahiko nuke, egoera hobeak etorriko dira, eta aurrera egingo dugu! Batzuetan beste herri batzuetan dagoena (edo beste batzuek dutena) baloratzen dugu, guk duguna baloratu ordez. Urduñak gauza eder eta bitxi asko ditu, eta horiek baloratzen ikasi beharko genuke! 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide