MAIALEN GINEA AGINAKO

"Jendeak arropetan jasangarritasunaren txipa hartzea gustatuko litzaidake"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 22a, 09:39

MAIALEN GINEA AGINAKO (Urduña, 1989) da Biko marka eta proiektuaren sortzailea. Diseinatzailea da afizioz eta ofizioz, eta ume zein helduentzako arropak eskuz eta digitalki serigrafiatzeari ekin dio. 

Nondik, zelan, edo zergatik sortu zen Biko?
 
Aspaldi hasi nintzen arropak eskuz margotu eta serigrafiatzen, beste marka batekin bazen ere. Urte batzuetan beste kontu batzuetara egon naiz, baina azken urteetan berriro ere sortzaile izan nahi nuela sentitu dut. Ama izateak, ume zein nagusientzat arropa egitera animatu ninduen, nagusiek eraman ditzaketen arropak sortzera, umeen bertsioekin.
 "Ama izateak, ume zein nagusientzat arropa egitera animatu ninduen, nagusiek eraman ditzaketen arropak sortzera, umeen bertsioekin"
 
Aurretik zetorren proiektua da, beraz. Zer dela eta hasi zinen arropa bidez sorkuntza lanak egiten?
 
Ikasketaz diseinatzailea naiz, eta arropa zein moda gogoko ditut. Bi gauza horien uztarketa izan da Biko. Batez ere, kamisetak eta sudaderak egiten ditut.
 
Tokikoak izateaz gain, zure proiektuak badu beste balio erantsi bat: arropa bakoitza banaka eta eskuz egina da. Abantaila ala desabantaila da? Nolatan hartu zenuen erabaki hori?
 
Arropa batzuk eskuz egiten ditut, eta beste batzuk digitalki. Erabakia estetikoa da. Gauza batzuk ezin dira digitalki egin, arropa osoa estanpatzea kasu. Mauketan edo atzeko partean marrazki bat egoteko, eskuz egin behar da. Horren arabera egiten dut modu batean edo bestean. Balioei erreparatuta, tokikotasunaz gain jasangarritasuna nabarmenduko nuke.
 
Jasangarritasuna nola berma daiteke arropetan?
 
Nik egiten ditudan prendak kotoi organikokoak dira, eta ekoizten dituzten fabrikek langileen baldintza duinak bermatzen dituzten ziurtagiriak dituzte. Diseinu guztiak nik eginak dira, eta serigrafia Euskal Herrian egindakoa da.  
 

Soinean ikusten dena baino gehiago du arropak. Zenbateko lana suposatzen du izerditako batek?
 
Izugarrizko lana da. Nire lan prozesua ondorengoa da: ideiak pentsatu, frogatu, diseinatu... Batzuk funtzionatzen dute, eta beste batzuk ez (atzerapausoa egin behar da askotan). Behin diseinua itxita, arropa hautatzeari ekiten diot, eta hor denbora asko ematen dut (oso modelo desberdinak nahi ditut: kaputxarekin, gabe, ume txikientzat... lan handia da taila eta kolore bereziak topatzea). 
"Izugarrizko lana dago izerditako baten atzean. Prozesu luzea eta neketsua da"
 
Inprimaketa eta eskuz estanpatzeak ere badu beretik. Estanpatzea bada, beroa eman behar zaie, lehortu eta beroarekin fijatzeko. Guzti horri salmenta gehitu behar zaio: sare sozialak, dendetan entregatzea eta abar. Beraz, prozesua luzea eta neketsua da. 
 
Sare sozialak aipatu dituzu. Eskualdeko saltokietan ere topatu daitezke zure produktuak, ezta?
 
Eskualdean Urduñako NAK dendetan eros daiteke, baina badira entrega guneak ere. Amurrioko Adi Grafiken ere uzten ditut Whatsappez edo sare sozialetatik iritsitako eskariak.
 
Balioz janzteko mezua da Bikorena...
 
Arropa oso merke erosten ohituta gaude, eta aukera asko edukitzera. Horrelako marka batek suposatzen duen lanaren kontziente izatea gustatuko litzaidake, eta jendeak jasangarritasunaren txipa hartzea. Garestiagoa da batzuetan, baina hori da guk jartzen dugun ekarpena mundua pixkat hobea izan dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide