Abenduaren 10ean inauguratu zen ‘Mujeres vascas de ayer’ erakusketa Orduña Hiria Museoan. Eulalia Abaituaren lana jorratzen du esposizioak, Bilboko Euskal Museoak lagatutako 68 argazkiren bidez. XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan zen Abaitua, eta lehen euskal emakume argazkilaritzat jotzen da.
Landa eremuko emakumeen erretratuak egin zituen argazkilari bizkaitarrak bi mendeen artean, eta lan horren lagin bat ikusi daiteke Urduñako museoan. Irudiek “balio etnografiko eta dokumentala” dute, baina Abaituaren “begirada propioa” ere islatzen dute, museoko kideek nabarmendu dutenez.
Bisita gidatua igandean
Erakusketa astebururo bisitatu daiteke martxoaren 23ra arte, baina igande hau izango da horretarako unerik aproposena, Enkarterrietako Museoko Janire Rojo Laisekak bisita gidatua eskainiko duelako.
12:30ean izango da zita. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik mezua bidaltzea 635 75 14 36 Whatsapp zenbakira. Museoko harreran ere eman ahalko da izena. 25 pertsonako taldea sartu ahalko da gehien jota.
Erakusketa gehiago
Orduña Hiria Museoak hainbat erakusketa ditu une honetan abian. Museoko bilduma propioaz gain, beste hiru ikus daitezke:
- ‘Mujeres vascas de ayer’ erakusketa.
- Jasone Pikaza margolariaren erakusketa.
- Munduko antzinako lisaburdinen erakusketa.
Museoa asteburuetan dago irekita, lanegunetan ere bisitak hitzartu daitezkeen arren. Hemen ikus daitezke ordutegiak.