Reincidentes, En Tol Sarmiento eta Modus Operandi taldeek joko dute AEFAT elkartearen alde Urduñan

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 25a, 07:00

Reincidentes taldea Aiaraldean jotzen./ Zuriñe Alava

Ekainaren 24an eta 25ean izango da jaialdia eta lortzen den dirua ataxia telangiectasia gaitzaren kontra aritzen den AEFAT elkartearentzat izango da.

Pandemiaren ondorioz atzeratuta, ekainaren 24an eta 25ean egingo dute Festi AEFAT jaialdiaren I. edizioa. Elkarteak ataxia telangiectasia gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko asmoz egingo da jaia eta hainbat babesle izango ditu, Urduña, Amurrio eta Ugaoko udalak, besteak beste. 

Aurkezpena bihar izango da Urduñako Herri Eskolako jolastokian 19:00etan.

Lehen egunean: Moonshine Wagon eta Reincidentes

Ospakizuna ekainaren 24an abiatuko dute:

18:00etan Spiderabeli harrera egingo zaio Foru Plazan. Amurrioko kirolariak Gasteiz eta Artomaña lotuko ditu korrika, bi udalerri horietan ataxia telangiectasia pairatzen duten gazteak baitaude eta lekukoa pasako die.

Jarraian txistulariek kalejira hasiko dute eta 19:30ean jaialdiaren eremua irekiko dute autokarabanen aparkalekuan. 

20:30ean Moonshine Wagon taldeak bere disko berria aurkeztuko du, 22:00etan DJames-en musika emanaldia izango da eta 22:30ean Reincidentes talde andaluziarrak joko du.

Larunbatean egun osoko egitaraua

Ekainaren 25ean ekintzak goizean hasiko dira gauera arte. Zehazki, 11:00etatik 14:00ak arte hurrengo jarduera egongo dira:

  • Tortilla lehiaketa Foru plazan
  • Haur jolasak Foru plazan
  • Buruhandiak Bihotza Konpartsarekin
  • Kalejira Erauntsi Dantza Taldearekin

19:30ean berriro irekiko dute autokarabanen aparkalekua eta kontzertuei ekingo diete berriro: 20:30ean Modus Operandi, 22:00etan DJ Turru eta 22:30ean En Tol Sarmiento.

Sarrerak salgai

Aukera ezberdinak eman dituzte antolatzaileek sarrerak eskuratzeko. Horrela, martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean bi eguneko bonoak 30 euro balioko du eta 20 euro egun bakarrak. Maiatzaren 1etik ekainaren 23ra bitartean, ordea, bonoa lortzeko 35 euro ordaindiko dira eta 23 euro egun bakarrerako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide