Espainiako Alpinismo Taldeko kidea izango da Tasio Martin aurrerantzean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko martxoaren 3a

Espainiako Alpinismo Taldean aritzeko hautagaiak otsailean Canal Roya inguruan egindako proban. / FEDME

Tasio Martin urduñarra Espainiako Mendi Federazioaren Alpinismo Taldeko kide berria izango da, otsailean Piriniotan egindako sailkapen frogak gainditu ostean. Bi urtez arituko da taldean, Mikel Zabalzaren gidaritzapean.

Espainiako Mendi Federazioaren Alpinismo Taldeko kide berria izango da aurrerantzean Tasio Martin kirolari urduñarra. 14 gaztek parte hartuko dute guztira FEDMEko talde berrituan, 2024ra arte.

Sailkapen frogak

Iragan otsailaren 25etik otsailaren 27ra egin zituzten Espainiako Alpinismo Taldean sartzeko frogak. 16 mutilek eta 16 neskek hartu zuten parte Panticosan (Huesca) egindako topaketan.

Selekzioan parte hartzeko hautagaiek asteburu zorrotzari egin behar izan zioten aurre. Larunbat goizean erresistentzia eta mendiko eski probak egin zituzten. Arratsaldean, berriz, eskaladarako gaitasunak neurtu zituzten Gratal mendiaren magalean. Igandean egin zuten sailkapen faseko azken ahalegina: izotz eta eskalada mixto proba Canal Roya mendian.

FEDMEk aste hasieran iragarri ditu azterketa gainditu duten hautagaien zerrenda. Gauzak horrela, 21 urteko urduñarra alpinismo taldearen parte izango da bi urtez, Mikel Zabalza mendizalearen gidaritzapean.

Mendizaletasunari lotua

Eskarmentu handia dauka Martinek mendian eta honi lotutako hainbat diziplinatan. 2017an boulder liga irabazi zuen, eta 2019an Ama Dablam mendira egin zuen espedizioa, aitarekin batera.

Kataluniako Mendizale Federazioaren Alpinismoko Teknifikazio Taldean aritu da azken urtean, eta hainbat marka hautsi ditu. Horien artean dago Marokoko Atlas Garaian erdietsitako erronka. Taghia herrixka inguruko eskalada eremuko 'Babel' bidea eskalatu zuen urduñarrak, bera bakarrik. 2007an ireki zuten bide hori, baina geroztik bi aldiz bakarrik errepikatu dute, eta Tasio Martin izan zen bere kabuz igotzen lehena. 3 egun behar izan zituen Martinek 18 luzek osatzen duten 800 metroko bidea osatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide