Negurako prest egongo da Urduñako boulderra. Hala espero du Txarlazo Mendi Taldeak. Elkartearen barruan, talde propioa eratu dute horretarako: Txarlazo Eskalada. Sare sozialak ere ireki dituzte, egitasmoaren nondik norakoak ezagutarazteko. Eneko Calejero ari da, besteak beste, ekimena sustatzen. "Urduñan geroz eta zaletasun gehiago dago eskalada egiteko, eta azpiegitura falta zegoen", aipatu du.
"Urduñan geroz eta zaletasun gehiago dago eskalada egiteko, eta azpiegitura falta zegoen. Arkitektua kontratatu genuen, eta diseinua prest dago jada"
Hargatik, Urduñako Udalarekin jarri ziren harremanetan, eta espazioa egokitu diete jada: Lanbide Heziketako eraikinean. Aurrez, gimnasioa izan zen toki hori.
Egun, baina, beste leku batean berkokatu dute Erauntsi taldea, eta ondorioz, eremu hori baliatuko du Txarlazo Eskalada taldeak boulderra eraikitzeko.
Proiektua, martxan
Duela urtebete ekin zioten proiektua diseinatzeari, "arkitektua kontratatu genuen, eta diseinua prest dago jada". Elkarlana, baina, ez da horra mugatzen: Amurrioko Zaraobe Institutuko ikasleak ari dira boulderreko zenbait pieza ekoizten, "gure taldeko kidea eta Zaraobeko irakaslea den pertsona baten ideia izan zen hori".
Lanbide Heziketan egokituko duten espazioa aproposa iruditzen zaio Callejori: "Orain, kontu ekonomikoak bideratzen gabiltza. Martxan egotea espero dugu uda bukaeran edo datorren neguan". Datorren larunbatean, martxoaren 19an, aurkeztuko dute egitasmoa, 11:00etan Lanbide Heziketan bertan.
Erronka berriz beteriko urtea
