ENARA LLANO DUEÑAS

“Naturarekin erlazio estuagoa daukat Suedian nagoenetik”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 21a, 12:35

Enara Llano Dueñas bere bikotearekin eta seme-alabekin bizi da Suedian.

ENARA LLANO DUEÑAS (Urduña, 1986) Suedian bizi da. Bertako bizimoduari buruz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin. 

Nola amaitzen du urduñar batek Suedian?

Nire bikoteak bi urteko lan eskaintza izan zuen Umeån, Suediako iparraldean, eta niri bidaiatzeko aukera oso ona iruditu zitzaidan. Denbora horretan hizkuntza ikasi eta lana aurkitu nuen erizain bezala Umeåko hospitalean. Oso pozik bizi ginen hemen eta atzerrian bizitzeko esperientzia atsegina egiten zitzaigunez urte batzuk gehiago geratzea erabaki genuen. Gero guraso bihurtu ginen eta hau herrialde ezin hobea da haurrak hazteko. Dagoeneko zazpi urte daramatzat hemen Suedian! 

Iritsi zinenean zer da gehien harritu zintuena bertatik?

Hotza, elurra… baina, batez ere, iluntasuna. Suediako iparraldean argi ordu oso gutxi daude neguan eta iritsi ginenean gaua zen ia egun osoa, hiru edo lau argi ordu baino ez genituen. Izotza ere oso gogoan dut, elurra izoztuta zegoen eta kalean ez erortzeko arantzak behar genituen oinetakoetan. Hotz ikaragarria egiten zuen, 20 gradu zero azpitik! Orain Suediako hegoaldean bizi gara eta negua ez da hain gogorra.

"Hau herrialde ezin hobea da haurrak hazteko"

Ezberdintasun asko dago Urduñako eta Suediako bizimoduaren artean?

Orokorrean suediarren izaera “barnerakoiagoa”, lasaiagoa da, eta hau kaleetan ikus daiteke. Suediako edozein udalerritako kaleak oso lasaiak diren bitartean (jende gutxi, zaratarik ez) Urduñako kaleak orokorrean oso bizirik daude: zarata dago, jendea dago, denda eta taberna asko daude…

Suediarrei bizitza lasaia gustatzen zaie, presarik gabe, eta lagun taldeak txikiagoak izan ohi dira. Ordutegiak ere oso desberdinak dira, goiz jaiki eta gauean goiz oheratu. 

"Orain bizitza lasaiagoa daramat eta gehiago gozatzen dut plan txikiekin"

Asko aldatu dituzu zure bizitza ohiturak bertan zaudenetik? Zertan?

Egia esan, orain bizitza lasaiagoa daramat eta plan txikiekin gehiago disfrutatzen dut. Suedian bizi naizenetik naturarekin harreman estuago daukat eta asko gustatzen zait basora ibiltzera irtetetzea. Ordutegiak asko aldatu egin ditut ere. Goiz jaikitzen naiz, 12:00etan jan eta 18:00etan afaltzen dugu. Urdunara joaten naizen bakoitzean eta familiarekin edo lagunekin jateko elkartzen baldin bagara goiz osoan gose naiz!

Eta antzekotasunik, badago?

Familiak Euskadin bezain zabalak ez badira ere, suediarrei ere familiarekin egotea gustatzen zaie eta bazkari edo afari on batekin une onak ospatzea gustatzen zaie. Beste batetik, hemen naturaz asko gozatzen da, Euskadin bezala. Eta mendi asko ez dauden arren, baso asko dago. 

Hizkuntzaren aldetik nola moldatzen zara?

Orain oso ondo, suediera nahiko ondo hitz egiten baitut. Baina hasieran asko ikasi behar izan nuen, hizkuntza oso desberdina baita. Niretzat hizkuntza ikastea ezinbestekoa izan da, lana aurkitzeko eta gizartean “integratzeko”. Baina hemen guztiek hitz egiten dute ingelesez. Beraz, Suedian bidaiatu edo bizi zaitezke bertako hizkuntza ezagutu gabe.

Herriminik sentitzen duzu inoiz?

Bai, noski, hori beti. Gure familia eta lagunak asko faltan botatzen ditugu eta, hemen oso pozik gauden arren, hori ez da aldatzen. Eta nik mendiak faltan botatzen ditut bereziki!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide