Urduñako Mugalde Elkarteak 33 urte bete ditu. "Mugalde elkartearen eta herriko tabernaren 33. ospatzea izan zen helburua, hainbeste urtez herriarekin eta herriarentzat eginiko lana balioan jartzea". Hala adierazi du Karra Saez elkarteko kideak. Ostiraletik igandera bitarte, ekintza desberdinak egin dituzte tabernaren inguruan. Batetik, barikuan, Txalainak taldearen kontzertua egon zen. Bestetik, igande eguerdian, omenaldia antolatu zuten. "Gainera, data baliatuta, Tasio marrazkilariaren tira komikoez osatutako erakusketa ikusgai jarri dugu tabernan", erantsi du.
Tasio marrazkilari ezagunaren tira komikoak ikusgai egongo dira Mugalde tabernan datozen egunetan
Aurrera begira kultur egitaraua prestatzen jarraitzeko asmoa dute, Mugalde Kultura ekimenaren bitartez. "Kultur Elkarteak ohikoak dituen ekintzak garatzen jarraituko dugu: Otxomaioetako herri bazkaria, gabonetako herri azoka, urteurrenak... Herriko hainbat talderekin elkarlana sustatzen jarraituko dugu ekimenak aurrera ateratzeko".