Elkartasun jaia egingo du Erauntsi Dantza Taldeak larunbatean bere urteurrena ospatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 23a, 20:30
Erauntsi Dantza Taldeko kideak, Foru plazan eginiko argazki batean. / E. D. T.

Erauntsi Dantza Taldeak egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako eta biltzen duten dirua AEFAT elkartera bideratuko du. Gainera, Ukrainako umeen alde lan egiten duen beste elkarte bati ere tokia egin diote.

2017ko martxoan Erauntsi Dantza Taldeak hainbat aldaketa egin zuen bere funtzionamenduan eta askorentzat, nolabait, berriro sortu zen. Hori dela eta, elkartearen urteurrena martxoan ospatzeari ekin zioten eta horretarako dantzapoteoa antolatzen zuten. Aurten, aldiz, 5. urteurrena denez, egitarau luzeagoa prestatu dute. 

Horrela azaldu du taldeko kidea den Amaia Del Campok: "ekainean egin ohi dugu Erauntsiko bazkaria, baina aurten politagoa iruditu zaigu urteurrena eta bazkaria batzea. Behin egitaraua luzatuta, ideia gehiago bururatu zitzaizkigun".

Burutazio horien emaitza izan da hurrengo proposamena:

  • 13:00 // Dantzapoteoa Foru Plazan.
  • 15:00 // Herri bazkaria Eskola Publikoko karpan. Izena emateko epea itxi dute dagoeneko eta menua honakoa izango da: patatak errioxar erara, haragi gisatua eta pastela.
  • 18:00 // Erruki Erromeria, Patxi eta Konpania eta DJ Varro. Kontzertuaren sarrerak 2 euro balioko du.

Elkartasun ekimena

Elkartasunak garrantzia handia izango du jaiaren barruan. Hain zuzen, aurten eskuratzen den dirua AEFAT elkarteari emango diote. Ataxia telangiectasia gaixotasun arraroan zentratzen du elkarte horrek bere jarduera.

Edonola ere, Amaia Del Campok aipatu du urterik urte hori aldatuko dela: "Hainbat elkarteri eskaini nahi diegu babesa. Aurten iruditu zaigu AEFATi eman behar geniola, baina hurrengo urteetan beste batzuk izango dira, Urduñakoak badira, hobe".

Horrez gain, antolakuntzak iragarri du Ukrainako umeei laguntza ematen dien beste elkarte batek parte hartuko duela jaian. Euren materiala eta janaria salduko dute txosnan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide