Iragan ostegunean onartu zituzten Urduñako Udal Aurrekontuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 7,56 milioi euroko plagintza ekonomiko bateratua izango du tokiko erakundeak aurten, iaz baino 880.354,22 euro gehiago, alegia.
Udalak 5.976.621,16 euroko aurrekontua izango du, Urduñederra sozietate publikoak 449.661,67 eurokoa eta 2.290.876,71 eurokoa, aldiz, nagusien egoitzak (Urduñako Arkupea S.L.).
Proiektu nagusiak
Hainbat proiektu esanguratsu aurreikusi dituzte:
- 246.000 euro bideratuko dituzte La Estación kalea birgaitzera.
- 32.000 euro Gran Via eta Agua Saladako saneamendua hobetzera.
- 20.000 euro udal-ibilgailu elektronikoak hobetzera.
- 5.679,96 euro makineria erostera.
- 48.811,4 euro harresia berritzera.
- 49.610 euro skate park berria atontzera.
- 13.000 euro edukiontzi berriak erostera.
Nagusien egoitzaren erronka
Baina aurtengo erronka nagusia adinekoentzako zentroa izango da. 2019an baino 505.000 euro gehiago bideratu beharko ditu Udalak egoitza kudeatzen duen Urduñako Arkupea S.L. sozietate publikora. “COVID-19aren ondorioz, erabiltzaileak murriztu dira, eta giza balibide zein baliabide materialen beharrak handitu”, azaldu zuen Itziar Biguri alkateak aurrekontuak aurkezteko eginiko bileran, "Urduñako egoitzak oheak okupatuta izan behar ditu irabaziak lortzeko, eta 2021an ez da aurreikusitako okupazioa lortu”.
Gauzak hala, Aldundiarekin harremanetan jarri dira, egoitza erabat betetzeko estrategia diseinatzeko. “Hitzarmen bat sinatu beharko litzateke Arabako eta Bizkaiko Aldundien artean, Arabako herritarrak ere egoitza honetara etorri ahal izateko, Urduña irla bat izan ez dadin”.
Urduñederra S.L.-ra bideratuko diren 449,661,67 euroetatik, aldiz, 121.437,84 euro bideratuko dira enpresa publikoak dituen zorrak kitatzera. Bi zor handi ditu sozietateak Kutxabankekin eta La Caixarekin, 2005 eta 2007 urteetatik eratorritakoak, hurrenez hurren.