Bi urteko itxaronaldiaren ostean, Otxomaio Jaiak ospatuko dituzte berriro ere Urduñan. Udalak eta hiriko eragile kulturalek eta sozialek egitarau zabala prestatu dute, herritar ororentzat gozagarri. Maiatzaren 6an lehertuko da festa Urduñan eta bi asteburuz luzatuko da jai-giroa. Egitarau osoa laster egongo da ikusgai Urduñako Udaleko webgunean.
Orduña Hiria Museoa kudeatzen duen Hamaika Kale boluntario elkarteak izango du jaietako lehen suziria pizteko ardura eta ohorea
Pregoilari eta txupineroak
Orduña Hiria Museoa kudeatzen duen Hamaika Kale boluntario elkarteak izango du jaietako lehen suziria pizteko ardura eta ohorea. "Ehunka lanordu boluntario, gainditutako ezbeharrak eta boluntario batzuen heriotza mingarriak dira azken urteko jardueraren ezaugarri nagusietako batzuk. Egunez egun aberasten ari den proiektua da, kide guztiek nabarmen gozatzen dutena" goraipatu du Urduñako Udalak.
Pregoia irakurtzeko ardura, aldiz, Bihotza Konpartsak izango du. 2001ean sortu zen elkartea eta iaz bere 20. urteurrena ospatu behar zuen arren, pandemia egoerak ospakizunak atzeratzera behartu zituen bere kideak. Aski ezagunak dira konpartsako erraldoi eta buruhandiak, Otxomaioetako ekosistemaren parte baitira.
Festa lehertzeko zain
Maiatzaren 6an, 21:00etan jaurtiko dute txupina udaletxeko balkoitik. Lehen suziriak ongi etorria emango die Otxomaio Jaiei, baina aurretik ere hainbat jarduerek hartuko dute hiria. 'Batibomba's Parade'-k Gran Via kaletik Udaletxe balkoiraino joango den desfilea girotuko du 20:15ean, jaien etorrera iragartzeko helburuarekin. Aurretik, 2022ko jaien kartel lehiaketako kimu eta haur kategoriako sari banaketa egingo dute udaletxean bertan.
Musika eskaintza zabala
Musika izango da Otxomaioetako osagai nagusietako bat. Hainbat taldek eta txarangek hartuko dituzte oholtzak eta kaleak, hiriko jaiak girotzeko. Maiatzaren 6an Kresala berbenak estreinatuko du Foru Plazako oholtza, 23:00etan hasiko den kontzertuarekin.
Hurrengo egunean, aldiz, disko berria aurkezteko biran murgilduta dagoen Huntza talde ezaguna arituko da Foru Plazan kantuan eta dantzan, 23:00etatik aurrera. DJ Bull musika-jartzaileak luzatuko du jai giroa ordu txikietara arte. Egun horretan bertan Santa Cecilia bandak kalejira egingo du eguerdian, hirian barrena.
Maiatzaren 8an, jaietako egun handian, kaleetatik eszenatokira igoko da Santa Cecilia banda ohiko kontzertua eskaintzeko, 13:15ean. Jamaica Show berbenak girotuko du igande gaua Foru Plazan.
Atseden txiki baten ostean, maiatzaren 13an helduko diote berriro jai-egitarauari. Egun horretan Orbanak taldeak eta Trikidantz berbenak joko dute. 14an, aldiz, Bulego taldeak eta Oihan Vegak girotuko dute gaua. Musika egitaraua ixteko, Puro Relajo taldeak alaituko du igande arratsaldea.
Dantza eta kale animazioa
Bi urteko hutsunearen ostean, kaleak hartzeko gosez dira Otxomaio jaiak, eta kale animaziorik ez da faltako. Eguerdiro txarangak arituko dira batetik bestera kaleak musikaz astinduz, eta Bihotza konpartsak erraldoi eta buruhandiak aterako ditu.
Dantzak ere toki berezia izango du egitarauaren barruan. Izan ere, Erauntsi dantza taldeak ekintza sorta prestatu du. Maiatzaren 7an aurresku lehiaketa egingo dute 19:00etan Gernika Plazan, eta maiatzaren 8an euskal dantzen alardea 18:30ean Eskola Publikoko patioan. Getxa Gotxi Txistu Taldeak ere dantza-giroa sortuko du maiatzaren 14an, Gernika Plazan.
Marmita Elkarte sortu berriak I. Urduña Hiria Putxera Lehiaketa antolatuko du maiatzaren 15ean
Egitarau gastronomikoa
Gastronomiak ere pisu nabarmena hartuko du 2022ko Otxomaio Jaietan. Marmita Elkarte sortu berriak I. Urduña Hiria Putxera Lehiaketa antolatuko du maiatzaren 15ean, 8:00etatik aurrera, Gernika Plazan. "Elkarte berri honen helburua gastronomia berreskuratzea eta transmititzea da, jai eta tradizio herrikoietan bereziki" azaldu dute jaietako antolakuntzako kideek.
Herri bazkariek ere lekua izango dute egitarauan. Maiatzaren 9an egingo dute lehena, eta haurrei zuzendua izango da; 14:30ean Foru Plazan. 2,5 euroren truke bokata bana, postrea eta edaria banatuko dituzte. Tiketak apirilaren 25 eta 26an jarriko dituzte salgai.
Maiatzaren 13an koadrilentzako afaria prestatuko dute Gazte Asanbladako kideek Foru Plazan, eta maiatzaren 14an herri bazkaria antolatuko du Mugalde Elkarteak Gernika plazan.
Eraso sexistarik gabeko jaiak
Otxomaioak eraso sexistarik gabeko jai parekideak izatea nahi du Urduñako Udalak. Hori dela eta, herritar ororen inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute indarkeria egoerak desagerrarazteko: "Emakumeek eta gizonek ondo pasatzeko eskubide berdina izatea nahi dugu, askatasunean bizitzeko eta berdintasunean otxomaioez gozatzeko. Horregatik, nahitaezkoa da momentu oro elkar errespetatzea, eta tolerantzia jarrerak erraztea".
"Jaien antolakuntza taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu modu eskuzabal eta pertsonalean aktiboki parte hartzen dutenei"
Eskerrak antolakuntzari
Urduñako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie 2022ko Otxomaioetako Kultura Batzordean parte hartu duten eragile eta norbanakoei: "Jaien antolakuntza taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, antolatutako ekitaldietan modu eskuzabal eta pertsonalean aktiboki parte hartzen dutenei, baita hilabetetan zehar jaietako egitaraua osatzeko euren denbora inbertitu dutenei ere".
Hauek dira antolakuntzan buru-belarri aritutako kirol eta kultura eragileak:
- A.D. Bedarbide
- Antzinako Andra Mari Ikastetxeko IGE
- Urduña Herri Ikastetxeko IGE
- Getxa Goi Txistu taldea
- Santa Zezilia Musika Banda
- Bihotza Konpartsa Elkartea
- Erauntsi Dantza Taldea
- Marmitaren Elkarte Gastronomikoa
- Mugalde Kultur Elkartea
- Orduña Txolope Bolatoki Kirol Taldea
- Ehiza eta Arrantza Elkartea
- Jai Alai Pilotazale Elkartea
- Urduñako Gazte Asanblada
- Olaran Urduñako Txokoen Elkartea
- Orduñako Abesbatzen Elkartea
- Txarlazo Mendi Taldea
Aurten ohiko jaiak berreskuratuko dituzten arren, aipatzekoa da COVID-19ak ez zituela urduñarrak gelditu. Pandemia egoerari egokitutako jaiak antolatu zituzten 2020an: