ERREPORTAJEA

Bidaia bat denboran atzera mundu osoko mila lisaburdinen eskutik

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 30a, 07:00
Duela 49 urte abiatu zuen bilduma Carlos Uzkianok. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 26ra arte dago ikusgai Orduña Hiria Museoan Carlos Uzkianoren lisaburdinen bilduma. Duela 49 urte abiatu zuen Uzkianok bilduma; 15 urte zituenean Delikako baserrian izandako sutetik amaren lisaburdinak erreskatatu ostean. Pieza berriak eskuratuz joan da urte luzez eta, gaur egun, Europa mailako bildumarik onenetarikoa da, ia 1.200 lisaburdinez osatua.

1973an erre zen Carlos Uzkianoren familiaren baserria, Delikan. Carlosek 15 urte zituen orduan. Suteak eragindako kaosean familiaren ondasunak etxetik ateratzen ari zirela, sukaldean zeuden amaren lisaburdinak garretatik erreskatatu zituen Carlosek. Ekintza instintiboa izan zen, horrela gogoratu du Uzkianok: “Inertziaz hartu nituen lisaburdinak, ez zegoen arrazoi zehatzik”.

Ausaz egindako erreflexu ekintza hori Europa mailako lisaburdin bilduma handienen ernamunia izan zen. Nekez imajina zezakeen Uzkianok inoz milatik gora lisaburdin bilduko zituenik, eta are gutxiago zaletasunak munduko hainbeste txokotara hurbilduko zuenik. “Ondo gorde nituen baserritik erreskatatutako amaren lisaburdinak, eta bilduma handitzea erabaki nuen”, gogoratu du Uzkianok. “Hasieran uste nuen 15-20 lisaburdin bilduta osatuko nuela nire kolekzioa”.

Pieza berriak eskuratu ahala konturatu zen beste herrialde batzuetan ere bazirela lisaburdinak eta bazituztela bestelako berezitasunak; material, apainketa eta sistema desberdinak, esaterako. “Horrek bultzatu ninduen lisaburdin gehiago eskuratzera. Herrialde desberdin batekoa eskuratzerakoan, herrialde mugakidekoa nahi nuen, eta horrela hurrenez hurren”.

Bildumagile komunitatea

49 urte darama Carlos Uzkianok munduko lisaburdinak gordetzen, eta, bereziki, Europa luze zabaletik bidaiatzen. Hain zuzen ere, Belgika izan du Uzkianok azken geraleku. Aiaraldea Komunikabidearekin batzartu baino egun batzuk lehenago bertan izan zen eta pare bat pieza ekarri zituen berarekin besapean. Baina ez da bakarra. Bildumagile komunitate handia da lisaburdinen atzetik dabilena, aurkikuntzak trukatu eta komunean jartzen dituena.

“Ondo gorde nituen baserritik erreskatatutako amaren lisaburdinak, eta bilduma handitzea erabaki nuen. Hasieran uste nuen 15-20 lisaburdin bilduta osatuko nuela nire kolekzioa”

Uzkiano 20 urte zituela hasi zen beste bildumagileak ezagutzen. Bizkaitik Alemaniara lau urterekin joandako migrante batek zabaldu zizkion nazioarteko bildumagileen komunitateko ateak: “Gutun bat jaso nuen etxean, Maria izeneko neska batek sinatzen zuen, bera ere bildumagilea zela esanez”. Bien arteko laguntasun-harreman estua sortu zen orduan, gaur egun ere mantentzen dutena. Alemaniako bere kontaktuak Europa erdialdeko beste bildumagileekin jartzen du harremanetan Uzkiano: “Bildumagileren batek bere bilduma erretiratu nahi badu edo dena delakoa, bertara bidaitzen dut”. Alemaniako bildumagilea ate bat izan da Carlos Uzkianorentzako, baina ez bakarra; Frantzian jatorria duen nazioarteko bildumagile elkarte bateko kide da. Elkarteko kideen artean hartueman estua daukate, eta hori du gaur egun informazio iturri nagusia Delikako bizilagunak. Elkarteak zubi lanak egiten ditu Europako bildumagile komunitatea osatzen duten 70 lagunen artean. Eurofer clubak, horrela du izena lisaburdinen bildumagileen elkarteak, argitalpen desberdinak plazaratzen ditu, eta bertan jasotzen dituzte gaiarekin erlazionatutako kontu desberdinak. Gainera, lau urtean behin, nazioarteko tokpaketa bat egiten dute. Aurtengoa Malagan izango da, Torre del Mar herrian.

Bilduma oparoa

Ez da nolanahikoa Carlos Uzkianok urte guzti hauetan bildu duena. Bilduma txiki bat izan behar zuena ia 1.200 lisaburdinek osatutako museoa da, Delikako etxean ondo gordea duena. Antzinarotik 1940. urtera arteko lisabrudinak eta arropa lisatzeko sistemek osatzen dute bilduma, altxor etongrafikoa bere horretan.

Amaren XX. mende hasierako Unión Cerrajera Mondragon enpresak ekoiztutako lisaburdin txikiak dira bildumaren zentroa. Hortik abiatuta, Alemania, Ingalaterrako, Estatu Batuetako, Txinako edota Indiako lisaburdinak daude bildumaren barruan, zein baino zein landuagoa. Lisaburdinen funtzinamendua ere aldatu egiten da tokian toki eta graian garai: ikatzezkoak, gasolinazkoak, elektrikoak... Guztiak daude ordezkatuta Carlosen museoan. Orduña Hiria Museoan erakusketa abian duen Juan Luis Abajo ‘Porrilló’ margolariak berak margotutako lisaburdina ere badu bilduman.

Oraindik ere handituz doa bilduma, baina denbora aurrera joan ahala geroz eta pieza bitxiagoak dira Carlos Uzkianori interesatzen zaizkionak: “Lisaburdin unikoak edo oso tirada mugatua dutenak biltzen ditut, honezkero nahiko bilduma oparoa duakat, eta lisaburdinen abaniko handia dago bertan ordezkatuta”.

Hain bilduma handiak gainera, kontserbazio berezia behar du. Carlos Uzkianok lisaburdinak zaharberritu gabe gordetzen ditu: “Beste bildumagile batzuek konpondu egiten dituzte, niri gustatzen zait erabiliak daudela erakustea. Jaso ditudan modu berean gordetzen ditut, argizari ikusezin kapa bat botatzen diet soilik herdoila ekiditeko”. Hilabetean behin hautsa kentzen die banan banan guztiei, eta hezetasuna eta tenperatura ere zorroztasunez zaintzen ditu.

Ezkutuko erakusketa museora

Abenduaren 17an inauguratu zuten Carlos Uzkianoren erakusketa Orduña Hiria Museoko antzinako objektuen aretoan. Lisaburdinena da Museoak hartzen duen lehenengo sei hilabeteko erakusketa tenporala, eta ekainaren 26ra arte egongo da ikusgai. Uzkianok bere etxeko bilduma osatzen duten 1.200 piezetatik 300 hautatuak jarri ditu bertan ikusgai. Asko izan ziren hirian harritu egin ziren bizilagunak, inork gutxik zekien eta Delikako etxe batean tamaina horretako altxorrik gordetzen zenik.

“Asko kostatu zitzaidan erakusketa prestatzea, oso ezkorra nintzen hasieran. Senideek baino ez zekiten nik lisaburdinak biltzen nituela”

“Asko kostatu zitzaidan erakusketa prestatzea, oso ezkorra nintzen hasieran. Senideek baino ez zekiten nik lisaburdinak biltzen nituela”. Hamaika Kale elkartekoen ekiteak fruituak eman zituen azkenan, eta errealitate bilakatu zen erakusketa lehendabizikoz. Behin jendaurrera azalduta Uzkianok ez du baztertzen beste erakusketaren bat egitea, beste aretoren batean. “Lehenengo egunetan ez nuen lorik egiten (barreak), jendea ez da kontziente honek duen balioaz”.

Bildumaren etorkizunaz galdetuta bildumagileak argi dauka: “Gustatuko litzaidake egunen batean bilduma guzti hau erakunde publikoren batek hartzea eta hiribururen batean geratzea gordeta, nik bildutako hau etorkizunean ere ondo zaindua egon dadin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide