Zezenketa bat ospatuko dute Urduñan datorren ekainaren 11n, zazpi urteko hutsunearen ostean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 27a, 12:12

Alondegian aurkeztu zuten zezenketa . / Aiaraldea.eus

Urduñan ospatuko da, datorren ekainaren 11n, azken bi urteetan Euskal Herrian egingo den lehenengo zezenketa. Daniel Ollora eta Ivan Abasolo toreatzaileak duela bost urte zendu zen Ivan Fandiñoren omenez arituko dira jaialdian.

Atzo, Alondegian egindako ekitaldian aurkeztu zuten COVID-19aren pandemia hasi zenetik Euskal Herrian ospatuko den lehenengo zezenketa. Ekainaren 11n jarri dute hitzordua, 18:00etan, eta Daniel Ollora 'El Dani' eta Ivan Abasolo toreatzaileak izango dira protagonistak. Duela bost urte zezenketa batean hil zen Ivan Fandiño toreatzaile urduñarra omenduko dute jaialdian.

Nabarmendu zuten zazpi urte igaro dituela Urduñak zezenketarik ikusi gabe, eta balioan jarri dute antolatzeko egindako ahalegin guztia: "Hasieran tira-birak izan genituen Udalarekin, baina elkar ulertzea lortu dugu. Jaialdia aurrera badoa Udalari esker ere bada".

Toreatzaileak prest

Toreatzaileek azken hilabetea nola bizi duten ezagutzeko baliatu zuten ere atzoko aurkezpena.  Daniel Ollora 'El Dani' gasteiztarra hondarrera salto egingo duen toreatzaileetako bat ez ezik, jaialdia prestatzen ari den enpresaria ere bada. Azpimarratu zuen asko arriskatu direla zezenketa antolatzen, eta diru asko jarri dutela jokoan, baina Urduñak merezi duela zehaztu zuen: "Nire hastapenak plaza honetan egin nituen, egun berezia izango da".

Sergio Moreno amurrioarrak hitz egin zuen Ivan Abasoloren ahotik. Izan ere, Moreno Abasoloren ahalduna da 2019tik. Gogotsu azaldu zen ekainaren 11ko hitzorduarekiko: "Oso 2020 polita genuen aurretik, baina pandemiak dena izorratu zuen. Urduñakoa zita garrantzitsua da euskal zaletuak berriro ere elkartzeko".

J.L. Pereda ganadutegiko lau zezen dira ekainaren 11n plazara aterako dituztenak. "Feria handietan ari dira ganadutegi horretako zezenak ateratzen, eta, gainera, Ivan Fandiñoren oso lagun onak ziren" azpimarratu zuen Ollorak.

"Egun txarrak bizi ditu tauromakiak, mugimendu kontrakulturala bilakatu nahi gaituzte. Urduñak erantzukizun handia du, lau mendeko tradizio honek bizirik jarrai dezan"

Une zailak tauromakiarentzat

Zezenketen zaletasunak une zailak bizi dituela azaldu zuten Alondegian egindako aurkezpenean. Pandemiak eragindako etenaz gain, azken urteetan geroz eta herri gehiagotan plazak galdu egin direla azpimarratu zuten; hala nola, Balmasedan, Sopuertan, Laudion edota Amurrion. "Egun txarrak bizi ditu tauromakiak, mugimendu kontrakulturala bilakatu nahi gaituzte" adierazi zuten zezenketaren antolatzaileek, "Urduñak erantzukizun handia du, lau mendeko tradizio honek bizirik jarrai dezan".

Zaletu guztiei egin zieten deia Ochomayo elkarteko kideek, datorren ekainaren 11n Urduñako zezen plaza betetzeko: "Plazako edukiera betetzea da zezenketen etorkizuna bermatzeko modu bakarra. Zaleen esku dago zezenketak mantentzea, ez ditzagun erantzukizunak beste lekuetan bilatu". Zentzu horretan Euskal Herriko zezen klub guztiei eskutitza igorri diete, hitzorduaren garrantziaren jabe izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide