JAVIER DE LA TORRE

"Biharko partida Champions Leaguekoa izango balitz bezala biziko dut"

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 3a, 07:10
Javi de la Torrek klubaren plaka jaso zuen. / Antonio Muñoz

JAVIER DE LA TORREk (Urduña, 1991) futbola utziko du asteburu honetan. Izan ere, CD Orduñak jaitsiera play-offa izango du bihar Arbieton 18:00etan. Duela bi aste omenaldia jaso zuen, klubean 20 urtez jokatu baitu.

Zenbat urte igaro dituzu CD Orduñan?

Guztiak. Nire lehenengo urratsak Txolope taldean izan ziren, baina CD Orduñak hartu zituen haur talde horiek. Hortaz, nik zortzi urte nituenetik gaurdaino CD Orduñan jokatu dut, eta 31 urte beteko ditut.

Urte horietan taldearekin eta klubarekin identifikatzeko denbora izan duzu orduan?

Bai, eta berez, elkarrizketa hau egiteko arrazoi nagusiena da eskerrak ematea. Azken finean, nik 20 urte bete baditut futbolean jokatzen izan da kirola maite dudalako, baina, batez ere, Urduñan aukera paregabea dugulako jokatzeko.

Alegia, Bilbon ez da hain erraza. Zelai bikaina dugu, jende pilo etortzen da gu ikustera, herriko jendeak aukera dauka taldean aritzeko… Esaterako, Amurrion uste dut aurten bakarrik egon dela jokalari bat Amurrion bizi dena, Anton Artetxe. Laudion ere Gasteizko jokalari pilo daude.

"20 urtez jokatu dut CD Orduñan oso jokalari kaskarra naizelako eta ez didatelako beste inondik deitu (barreak)"

Ordea, niretzat oso erraza izan da sekulako kluba dagoelako Urduñan. Bestalde, lagunen artean beti egiten dugu txantxa, nik CD Orduñan hainbeste urtez jokatu badut izan da inondik ez didatelako deitu, oso jokalari kaskarra naizelako (barreak).

Hala ere, agian beti jokatuko nukeen CD Orduñan, edo ez, nork daki. Kontua ez da hori. Muina da aste honetan bizitzen ari garena. Alegia, larunbatean izango dugu azken partida eta erabakiko da maila jaisten dugun eta 2. mailara itzultzen garen edo ez. Mezu pilo jaso ditugu. Adibidez, Iñigo Frailek, 2. B mailako jokalaria izan dena, adierazi digu maila ez dela garrantzitsua, baizik eta nola sentitzen dugun bizipen hori.

Argi dago 20 urtez futbolean irauteko, izugarri bizi izan dudala kirola. Nire emazteak beti esaten dit ia urte osoan jokatzen dudala futbolean eta astebururo partidaren zain nagoela, gero asteburupasa antolatzeko.

CD Orduñaren filosofia aldarrikatu nahi duzu, orduan, nahiz eta maila galdu?

Bai, eta egunero hitz egiten dugu honi buruz klubean urte asko daramagun jokalarion artean. Gure ustez CD Orduña da Aiaraldeko talderik erakargarriena jokalaria edo entrenatzailea bazara. Bilbon ez dago horrelako aukerarik. Han futbol talde batek entrenatu behar du 21:30ean eta futbol zelai erdian.

Guk, ordea, asteazkenetan futbol zelai osoa dugu eta 19:30ean egiten dugu entrenamendua.

Ni orain Sodupen bizi naiz eta hori agian bada arrazoia futbola uzteko: Derion egiten dut lan, eta astean hirutan handik Urduñara noa, berriro Sodupera itzultzeko gero. Hori ahalegina da, baina kriston taldea dugu eta ez da maila kontua, baizik eta nola bizi dugun futbola.

Edonola ere, nik ez dut futbol profesionalean jokatu, ez dut bizipen hori, baina ziur nago 1. mailan askok ez dutela hainbeste sentitzen futbola. Josu Unzagak edo Ekaitz Bergarak ere urte pilo egin dituzte klubean.

Esker ona adierazi duzu klubari dagokionez, baina nori zehazki?

Nire agurraren bideoan agertzen zen nire lehen entrenatzailea, eta berarekin Zacarias. Uste dut Zacariasek 30 urte bete dituela klubean, presidenteak ere, Juananek… Kluba, finean, bost lagun dira eta hori ikaragarria da.

"Bospasei lagunen artean egiten dute dena CD Orduñan"

Udan, abuztuan, bizikletan noanean ikusten ditut futbol zelaian eskola kiroleko jokalarien fitxak prestatzen federazioarekin. Horregatik, oso berezia da. Bospasei pertsonen artean egiten dute dena.

Azpimarratu behar den beste ezaugarri bat da senior taldekook ez dugula ezer kobratzen. Amurrion, Laudion edo Ugaon lehenengo taldekoei ordaintzen diete soldata eta hori ateratzen da umeen kuotetatik. Urduñan gazteek euren gastua baino ez dute ordaintzen.

Niretzat hori oso garrantzitsua da futbolzale moduan.

Arbieton egin zizuten agurra, ustez zure azkenengo partida izango zelako. Baina zure azken partida asteburu honetan izango da Plentziaren aurka, jaitsiera play-offa, alegia.

Pentsatzen dudanean berriro negar egiteko gogoak ditut. Oso polita izan zen, jende pilo etorri zen eta ni bezalako jokalari kaskar batentzat horrelako agurra bizi izatea izan zen San Mamesen egotea bezala. Hori izan da nire zelaia, taldea, jendea eta taldekideak. Aurreskua dantzatu zidaten, nirekin jokatu duten hainbat taldekideren sinadurekin beteta zegoen kamiseta oparitu zidaten, eta klubak plaka eman zidan. Hunkigarria izan da.

Jokalari kaskarra izan arren, pozik noa, zerbait adierazgarria baita horrelako agurra jasotzea. Esker hitzak baino ez dut eta ondo dago horrela futbola uztea. Gainera, denboraldi honetan ez dut lesiorik izan eta poztekoa da fisikoki ere ondo bukatzea.

Eta asteburu honetan biziko dudana beste omenaldi bat izango da, horrelako partidarik ez baitut askotan izan. Errepikatzen dut, kanpotik, erregional kategoriako 1. mailako partida bat ez da ezer, baina nik Champions Leagueko partida izango balitz bezala biziko dut.

Zein jokalari mota izan zara?

Defentsa izan naiz beti. Fisikoki eta teknikoki trebea izan ez naizenez, atzean izan dut tokia eta ondo moldatu naiz. Gazte kategoriara heldu arte faltetan golak sartzen nituen, baina senior taldean hori jaitsi da.

Nire ustez, fisikoki hobeto nagoen unea da oraingoa eta uste dut momenturik egokiena dela futbola uzteko.

Mezuren bat zabaldu nahi diozu jendeari biharko partida dela eta?

Bai, nahiz eta futbola gogoko ez izan, ziur ezagun edo lagunen bat dutela taldean. Gauzak ondo ateratzen badira, jaia izango da partida. Jokalariok dena emango dugu eta klubak ez du sarrera kobratuko zelaia gainezka egoteko. Festatxoa izango da eta egun polita espero dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide