Gaur 19:00etan inauguratuko dute Bide batez argazki erakusketa Orduña Hiri Museoan. Bere egilea urduñar bat izan da, Jose Ramon Llano Mendia. Gizon horrek ibilbide oso luzea egin du argazkigintzan eta, esaterako, 1984an Gualdetxu Foto Cluba sortu zuen, tokiko beste zaleekin.
Urduñako museo herrikoian erakutsiko ditu 44 irudi eta lau ardatzetan egongo dira antolaturik: oroitzapenak, abstrakzioak, arkitekturak eta naturak. Horiek guztiak dira egileak azken 30 urteetan landu dituen gaiak.
Bisitariak sumatuko du argazki zaharrak zuri-beltzez eginda daudela eta berriagoak direnak, aldiz, kolorez. Izan ere, Llanok zuria eta beltza baliatzen zuen teknologia analogikoarekin eta kolorea da gehien gogoko duena era digitalean.
Urriaren 2ra arte egongo da ikusgai erakusketa eta, hain zuzen,. asteburutan bisitatu daiteke museoa, 17:00etatik 20:00ak bitartean ostiraletan, 11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte larunbatetan eta goizeko ordutegian igandetan.