Larruazabalgo Administrazio Batzarreko herritarrek jakinarazi diote Aiaraldea Komunikabideari argindar zerbitzua eten dela gaur goizean. Antza, arazoak 02:00ak aldera hasi dira eta aldiro elektrizitate gabe geratu dira etxeak.
07:00etan, antza, Iberdrolak berak moztu du zerbitzua eta matxura bilatzeari ekin dio. Mendeikan topatu dute arazoaren iturburua 10:00ak aldera eta 12:00etan lortu dute konpontzea.
Dirudienez, mozketaren iraupena ez da berdina izan herri guztietan eta, adibidez, Belandian denbora gehiago egon dira elektrizitaterik gabe, Lendoñobeitirekin alderatuta.
Herritarrek teknikariekin hitz egin dute eta hauek aitortu dute arraroa iruditu zaiela haizerik gabe matxura gertatzea, baina beroari egotzi diote horren ardura.