Astearte eta asteazkenean ospatu dira Lendoñobeitiko Jaiak. Lehen egunean ez zen jai-giro handirik egon, herri-kultura sustatzera bideratu baitzituzten ekintza gehienak. Bolo txapelketaren X. edizioa abiatu zuten arratsaldean, eta dozenaka lagun bildu ziren handik gutxira elizan, Artzaintza Gorbeian dokumentala ikusteko, Aztarna elkartearen eskutik. 22:00etan piztu zuten jaiei hasiera emateko suziria, eta kanpaiak ere jo zituzten jarraian.
Atzo, aldiz, jai giroa nagusitu zen herrian. Etxebarria aita-semeek jarri zioten soinu banda egunari, trikiti eta panderoa baliatuta.
Arratsaldean pilatu ziren ekintza gehienak: bola txapelketa, umeentzako jolasak, herri kirolak, eta odoloste jana. Dantzaldiarekin eta erromeriarekin eman zieten amaiera ospakizunei.
Argazkiak: Jose Mari Gutierrez