17:30ean izan zen Urdufolk jaialdiko lehen ekitaldia, atzo. Hain zuzen, igerilekuak bilakatu zituzten eszenatoki, eta ume zein guraso ugari gerturatu ziren Arbietoko azpiegituretara emanaldiaz gozatzera.
Izan ere, kontzertu didaktikoa eskaini zuten bi musikariek. Hala, Euskal Herriko eta munduko zenbait musika tresna erakutsi zizkieten bertaratutakoei: trikitixa, txalaparta...
Partaideek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, azalpenen artean hainbat musika pieza jo zituzten: "Txalapartarekin hasita, hainbat instrumenturen jatorria eta funtzionamendua azaldu dituzte: txalaparta, txistua, danbolina, txirula, soinu txikia, panderoa, alboka... Baita kanpotik ekarritako bi ere: streeldrum (Trinidad eta Tobagoko instrumentua) eta Tavla (indiako tinbala)". Gauzak hala, giro ederrean igaro zuten arratsa, "bukaeran dantzara ere animatu zen jendea", aitortu diote hedabideari.
Asteburu osoan luzatuko da Urdufolk jaialdia. Hemen ikusi daiteke egitaraua.
Argazkiak: Itsaso Arrizabalaga