ERREPORTAJEA

Urduñako Herri Eskolako jolastokiaren metamorfosia, permakultura ardatz

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 13a, 11:13

Goitik behera aldatuko da Urduñako Herri Eskolako jolastokia ikasturte honetan: asfaltoa altxatu eta espazioa birnaturalizatuko dute, azken urteetako proiektuari segida emanez. Ivan Tellaetxe da egitasmoaren sustatzaileetako bat, eta permakultura izan dute lan ardatz nagusia.

Eraldaketa sakon baten atarian dago Urduñako Herri Eskolako jolastokia. Duela hiru urte abiatu zuten espazioa birnaturalizatzeko erronka, eta denbora guzti honetan hainbat aurrerapen egin dituzte: berdeguneak berreskuratu, jolas-gune berriak sortu, eskolak ikasgeletatik aire librera atera… Proiektu potoloa da, hiri mailako bestelako proiektu estrategikoekin integratzeko aukera eskainiko duena (sukalde zentrala kasu). Permakultura izan dute ardatz proiektua garatzeko, eta Ivan Tellaetxe urduñarra izan da sustatzaile nagusia. Baina, zer da permakultura?

Urduñako Herri Eskolako jolastokiaren birmoldaketan permakulturak ezarritako eraikuntza printzipioak hartu dira oinarri

Permakultura ardatz

Permakultura diseinu ekologikoko zientzia bat da, eta hiru oinarri etiko ditu ardatz: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta soberakinen banaketa justua eta energiaren erabilera efizientea. Terminoa Bill Mollinson eta David Holmgren irakasle australiarrek sortu zuten 1970eko hamarkadan, mundu osoko nekazal kulturetan geratzen ari zen ezagutza tradizionalen galeraz kezkatuta. “Izan ere, 1960ko hamarkadan iraultza berde bezala deiturikoak prozesu industrialak inplementatzen hasi zen nekazaritza ekoizpenean; nagusiki hidrokarburo, pestizida edota fertilizante kimikoen erabilerarekin ―  azaldu du Tellaetxek ― Horrek migrazio masibo bat eragin zuen landa eremutik urbe handietara, nekazaritza eta landa eremua bera debaluatuz, eta, aldi berean, hiriguneetako biztanleen beharrak asetu behar zituen nekazaritza are gehiago industrializatuz”.

Egoera hori iraultzeko asmoz Mollinson eta Holmgrenek permakultura kontzeptua sortu zuten: kultura iraunkorra. “Permakulturak, funtsean, sistematizatu egiten ditu mundu osoko nekazal kulturetako patroi komunak. Eta, nekazaritza abiapuntu duen arren, gizakiaren habitat guztietan eragiteko helburua du”, azpimarratu du Tellaetxek.

“Inplementatu nahi dugun hori eraldatzeko asmoa du proiektuak; haurren hezkuntza prozesua hain zuzen ere”

Patroi guzti horien sintesia eraikuntza prozesuetan biltzen du permakulturak; hain zuzen ere, Urduñako Herri Eskolako jolastoki berria eraikitzeko baliatzen ari diren eta baliatuko dituzten diseinu printzipioak dira horiek, eta horrela definitu ditu herri eskolako atezainak: “Diseinu printzipio horiek funtsezkoak dira landa eremuan zein hirietan habitat iraunkorrak eraikitzerako orduan.  Biodibertsitateari arreta, elementu desberdinak integratzea segregatu beharrean, naturako patroiak kopiatzea eta aplikatzea, energiaren erabilera jasangarria energiaren metaketaren bidez, uraren erabilera jasangarria edota hondakinen birziklatzea dira printzipio horietako batzuk. Hain zuzen ere, Urduñako Herri Eskolako jolastokiaren birmoldaketan jarraituko dituzten eraikuntza irizpideak dira hauek, Tellaetxek aipatu duenaren arabera.

Proiektu integrala

Tellaetxek Hego Amerikan ezagutu zuen permakultura eta Bartzelonako Monsant Permakultura Institutuan garatu zituen gerora zientzia honen gaineko ezagutzak. Hainbat urte mundutik bidaiatzen igaro ostean, Delikara bueltatu zen Ivan Tellaetxe duela hiru urte, eta familiak zuen lursail batean abiatu zuen permakulturan oinarritutako proiektu pertsonala: bizi proiektu bat garatu sarera konektatu gabe, beharrezko energia eta lehengaiak berak ekoitziz.
Handik urte batera Urduñako Udalak erronka luzatu zion; nagusien egoitzako lorategia birnaturalizatzea. Lorategi horretan erein zen proiektu integral baten lehenengo hazia. “Bigarren urtean, egoitzako beste lursail bat atontzea eskatu zidaten, eta nik eskolako ikasleekin ortu bat egitea proposatu nien”, azaldu du Tellaetxek.

Urduñak sukalde zentrala du, azpiegitura desberdinek (egoitzak, eskolak…) sukalde berdina konpartitzen dute, Udalak garatutako elikadura subiranotasunaren estrategiaren barruan. Gauzak horrela, sukaldean baliatzeko barazki eta lekaleak landatzen hasi ziren Urduñako ikasleak nagusien egoitzako ortuan. Pandemiak, ordea, uzta jasotzeko garaian eten zuen proiektua.

“Urduñarrak, ordea, oso burugogorrak dira (barreak) eta ez zioten proiektuari uko egin. 2020ko irailean hasi zen ikasturte berrian, ikasleek egoitzako ortuan egoterik ez zutenez, mendira eraman genuen proiektua ―  azaldu du Tellaetxek ― Permakultura ez da soilik leku bat birnaturalizatzea, baizik eta gure ikuspuntua aldatzea ere. Gauzak horrela, ibilbide desberdinak sortu genituen eskolak mendian egiteko. Eskolako ikasle guztiek parte hartu zuten egitasmoan, hiru eta hamabi urte bitarteko ikasleek. Ikastetxeko lau hormetatik atera eta basora eraman genituen eskolak”.

Jolastokia birnaturalizatuz

Baso eskola garatzen ari zirela Ivan Tellaetxek Bartzelonan ezagututako El Globus Vermell elkarteko kideen deia jaso zuen. El Globus Vermell  ‘Patios x Clima’ proiektuko sustatzailea da, Espainiar Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren laguntzaz. “Urduñan abiatutako proiektuaren inguruan galdetu zidaten. Izan ere, ‘Patios x Clima’ proiektuaren baitan Euskal Herrian esperientzia pilotu bat abian jartzeko interesa zuten. Nik Urduñara gonbidatu nituen. Hiriko giroa eta Udalaren inplikazioa ikusi ostean, egitasmo berriarekin lanean jartzea erabaki zuten”.Permakulturak bildutako oinarriak hartu dituzte ardatz Urduñako Herri Eskolako jolastokiaren birnaturalizazio prozesuan.

Emaitzak agerikoak dira; haurrak eraldaketaren protagonista izan dira, eta orain nekez ikus daitezke ikasleak asfaltozko zelaian jolasten

 Ivan Tellaetxek berak gidatu du prozesua eta jarraitutako urratsak azaldu ditu: “Azken emaitzari ez ezik, prozesu osoari eman nahi diogu guk garrantzia, eta horretan ari gara. Edozein diseinu jasangarri eraikitzeko, hainbat dira jarraitu beharreko urratsak: pertsonen eta lurraren beharrak kontuan hartu, eskura dauden baliabide naturalak ezagutu... datu bilketa horretatik ateratako ondorioek diseinu konkretu bat eta eraikuntza prozesu bat edo beste lehenetsiko dute. Urduñako eskolako jolastokian, esaterako, ikusi genuen berdeguneak behar zuten eremu horietan ez zegoela biodibertsitaterik, ondorioz, garatutako proiektuan biodibertsitatea aberastuko duten diseinu eta egiturak gailendu dira”.

Espazioa eta denbora

Azken bi ikasturteetan garapena izan du proiektuak, eta abiatu berri den kurtso berri honetan izango du jolastokiak eraldaketarik handiena eta ikusgarriena, baina, aurretik lan handia egin izan dute.

“Diseinu prozesu parte hartzaile bat garatzea izan zen lehenengo urratsa, eskolako hezkuntza komunitate guztiarekin: udala, irakasleak, eskolako langileak, familiak, eta, bereziki, ikasleak”. Sei hilabete eman zituzten El Globus Vermelleko kideekin prozesu horretan, eta espazioa ez ezik hezkuntza prozesuko denborak ere eraldatu behar zirela ondorioztatu zuten: “Hezkuntza espazio eta denboren birnaturalizazioa da Urduñan garatuko duguna. Inplementatu nahi dugun hori eraldatzeko asmoa du proiektuak; haurren hezkuntza prozesua hain zuzen ere”.

Formakuntza pilotu bat garatu zuten ideia horretan sakontzeko, eta Hezkuntza eta Ingurumen Sailetako kideek ere hartu zuten parte. Behin formakuntza jasota proiektuaren lehen faseari ekin zioten.

Espazio hilak berreskuratuz

Lehen fasean jolastokiaren espazio berdeen birnaturalizazioa gauzatu dute. “Espazio berdea zena, espazio hila zen egiatan ―  nabarmendu du proiektuaren sustatzaileak ― Lurrak ez zeukan materia organikorik, ez zegoen biodibertsitaterik, pedagogikoki ez zeukan inolako erabilerarik… haur gehienek asfalto gainean jolasten zuten”.

2021eko udan berdeguneetako profilak aldatu zituzten, altuera desberdinen bitartez materia organikoaren sorrera sustatzeko. Horrekin batera, prozesu bat garatu zuten ikasturtean zehar ikasleak izan zitezen espazioaren eraldaketa berriaren protagonista nagusiak.: “Tailerrak egin genituen maila guztietako ikasleekin espazioaren inplementazioan sakontzeko. Hala nola, 120 zuhaitz landatu genituen, ortu txiki bat atondu, espazio desberdinak sortu dira batzuk jolas aktiboagoentzako beste batzuk lasai egoteko…” Emaitzak agerikoak dira, haurrak eraldaketaren protagonista izan dira, eta birnaturalizatutako espazioa eurena egin dute. Orain nekez ikus daitezke ikasleak asfaltozko zelaian jolasten: “Ikasleek espazioa euren bizitzetan integratu dute. Eurak dira hori zaintzeaz arduratzen direnak. Ikasle eta irakasleek ulertu dute jolastokia ikasteko espazio ere badela. Adibide bat jartzearren, ikasleek labirintoa deitzen dioten espazioa baso jasangarri bat da, bosgarren mailako ikasleek diseinatua eta eraikia. Nik tresnak eskaini nizkien bakarrik, baina haurrak dira sortzaileak”.

“Curriculuma aldatuko dugu eskolan. Ordutegi finkoak desagertuko dira eta prozesu pedagokikoak espazio berrira egokituko ditugu”

Eraldaketarik sakonena

“Behin berdeguneak berreskuratuta, eta hezkuntza prozesua ikasgelako lau hormetatik harago garatzen den zerbait dela barneratuta, ikasturte honetan obra nagusiari helduko diogu: asfaltoa altxatzea”, azaldu du Ivan Tellaetxek.
Besteak beste, aire libreko ikasgela handi bat eraikiko dute, agora espazio bat, edota jolastoki natural handiago bat izango dira etorkizun hurbil batean jolastokiko protagonista nagusiak. Horretarako, bioeraikuntzan espezializatutako Giltzarri arkitektura bulegoa burubelarri ari da diseinuekin lanean.

Guztira 500 metro koadro asfalto kenduko dituzte eremu berriaren mesedetan: “Gaur egungo berdegunearen luzapen bat izango da funtsean. Noski, asfaltozko karratu bat mantenduko dugu, egungo saskibaloi kantxa dagoen lekuan, haurrek ere espazio hori erabili nahi dute eta, baina esparru berdea izango da jaun eta jabe”, nabarmendu du Tellaetxek.
Erronka handiena, ordea, hurrengo ikasturtean inplementatuko dute, obra guztia amaituta dagoenean, hain zuzen ere: “Curriculuma aldatuko dugu eskolan. Ordutegi finkoak desagertuko dira eta prozesu pedagokikoak espazio berrira egokituko ditugu. Proiektuak eta hezkuntza-ibilbideak izango dira hezkuntza prozesuaren ardatza”.

Une honetan obrak abiatzeko baimen guztiak tramitatzen ari dira, eta datorren urte hasieran ekingo diete lanei. Zailtasunak ere aurkitu dituzte bidean, baina ari dira horiek gutxika gainditzen: “Jolastokiaren azpitik erreka bat igarotzen dela jakinarazi digu URA agentziak, horrek mugatu egin ditu egin ditzakegun lanak. Proiektu bizia da gurea, eta diseinua etengabeko eraldaketan dago, zailtasunei aurre egiteko”, azpimarratu du Ivan Tellaetxek.

“Ohituak gaude berehalako emaitzak ematen dituzten prozesuetara, baina, funtsean, ezer gutxi aldatzen dutenak”

Prozesu sarkorra da Urduñan abiatutakoa, eta Tellaetxek argi du hasieran talkak sor daitezkeela: “Ohituak gaude berehalako emaitzak ematen dituzten prozesuetara, baina funtsean ezer gutxi aldatzen dutenak, eta uste baino lehen ustelduko direnak. Arnas luzeko egitasmoa da hau”. Halaber, emaitzei erreparatzea besterik ez dagoela dio, abiatutakoa bide zuzena dela jakiteko: “Gutxika bada ere geroz eta aitortza gehiago duten proiektuak dira hauek, eta Urduñakoa da adibiderik onena: eskolako komunitateak eta Urduñako Udalak sinistu egin du proiektu honetan, eta egundoko laguntza eskaini dute. Eusko Jaurlaritzak ere konfiantza jarri du egitasmoan. Administrazioa ari da ulertzen gure aztarna klimatikoa murrizteko horrelako espazioak ezinbestekoak direla. Urduñan badago ongarria norabide horretan proiektu integral indartsu bat garatzeko”.

Nagore Ayesa arkitektoak gidatutako Giltzarri arkitektura bulegoak egindako Urduñako Herri Eskolako jolastoki berriaren behin-behineko diseinua, azken baimenen esperoan aldaketak egon daitezke azken emaitzan. / Giltzarri arkitektura estudioa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide