GOROBEL PARAPENTE TALDEA

"Eszenatoki magikoa sortu zen delta hegalekin, parapenteekin, bela txikiekin zein dronekin"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ira. 21a, 08:21

Larunbatean egin zuen Gorobel taldeak parapente topaketa. Antolatzaileek adierazi dutenez, 160 lagun baino gehiago hurbildu ziren Gorobeleko zein Tertangako inguruetara.

"Diziplina ugariko piloto mordoa aireratu ziren larunbatean goizean goizetik". Irrikaz bizi izan zuen Gorobel parapente taldeak zapatuko topaketa. Sare sozialetan aipatu dutenez, minibelak izan ziren lehenbizikoak Gorobeleko parajeak zeharkatzen, akrobelekin batera: "Euren abiadura eta peripeziekin piloto zein bidaiariak txunditu zituzten, aleroek euren materiala prestatu bitartean".

Haizeak, baina, ez zuen denen gogotik astindu: "Eguerdian pittin bat baretu zen haizea, eta bela batzuk aprobetxatu ahal izan zituzten. Azkenean, eszenatoki magikoa geratu zen: delta hegalekin, parapenteekin, bela txikiekin eta dronekin zeruan jostari. Eta, guzti hori familiako abilenen zertzelada akrobatikoekin lagunduta".

"Milesker guztiei gure hegan egiteko eremura beste behin ere gerturatzeagatik eta gozatzeagatik"

Gorobel mendilerroan ez ezik, Tertangako eskola zein zelaietan ere egin zuten topaketa. Horren adibide izan zen bertan burututako parrillada, edota Orozkoko garrafa dastaketa. "Bigarren edizio honetan, Pikaro Kopara ez ziren asko animatu, baina maila altu zegoen".

Gorobel Taldeak aipatu duenez, orotara, 160 lagun inguru hurbildu ziren ekimenaz gozatzera: "Igandean ere batzuk hegan egiteko aprobetxatu zuten; oraingoan apenas zegoen haizerik, baina denontzako eguna izan zen, urrunetik Urduñara bisitan etorri zirenek Urduñatik bueltaxka bat emateko egun paregabea. Milesker guztiei gure hegan egiteko eremura beste behin ere gerturatzeagatik eta gozatzeagatik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide