ERREPORTAJEA

Urduñako I. Jaialdi Multikulturala: hiria aniztasunetik batzeko topaketa

Allende Solaun Boada 2022ko ira. 28a, 07:00

Ezkerretik eskumara eta goitik behera: Jose Luis, Isabel, Rosario, Rosi, Escarleth, Gaby, Edgar, Abderahman, Sebastian eta Mireia urduñarrak. / Aiaraldea.eus

Hamaika herrialdetako ohiturak batu eta ezagutarazi dituzte, Urduñako Foru Plazan irailaren 10ean gauzatutako Jaialdi Multikulturalean. Etorkinen eskubideen aldeko elkarte berri honen lehenengo ekintza izan da jaialdia.

Bi aste igaro dira Urduñako I. Jaialdi Multikulturala antolatu zutenenik, baina ez dute atsedenerako tarte handirik hartu. Izan ere, ekintzak prestatzen jarraitzeko asmoa dute etorkinen aldeko elkarte honen sustatzaileek. “Lehen aldia izateko, arrakasta handia izan du eta espero dugu datorren urtean are hobea izatea. Dantzaldia, Koranaren irakurketa eta munduko jantzien erakustaldia antolatu ditugu, besteak beste”, azaldu du Abderahmanek, jatorri marokoarra duen auzokideak. Alaitasunez deskribatu du berak gidatutako ekintza: “Txalo asko jaso genituen. Jende asko egon zen, alkatea ere bazegoen”. Ikuspegi berekoa da Escarleth, Nikaraguako bizilaguna: “Harrera ona izan dugu auzokideen aldetik. Mariatxien kontzertua izan genuen Jose Luis Saratxagaren eskutik, baita zozketa eta janari dastatzeak ere. Txupinazoa, gainera, gure erara egin genuen, autismoa duten pertsonengan pentsatuz”.

Erabateko inklusioa bermatzeko xedearekin egokitu zuten jaialdiko txupinazoa. Ohiko piroteknia erabili beharrean, irrintzi batek eman zion hasiera jaiari. “Agerikoa da pirotekniak asko eragiten diela animaliei, baina gure hirian horrelako suziriei oso sentiberak diren pertsonak daude eta, batik bat, azken arrazoi horregatik erabaki dugu txupinazo berezi hau egitea”, adierazi du Mireia Hernandezek.

“Ahotsa dugu, oihu egin nahi dugu, existitzen garela eta hemen gaudela esan, baita gure ohiturak ditugula aldarrikatu ere”

Hiriari bizia emateko

Ekimen honen bultzatzaileak Peruko bi bizilagun dira, Isabel eta Edgar. Nikaragua eta Honduraseko bi neskekin kafe bat hartzen zeudela bururatu zitzaien jaialdia antolatzea. Ordutik hamaika nazioetako herritarrak batu dira elkartera; Bolivia, Brasil, Txina, Kolonbia, Irlanda, Honduras, El Salvador, Ekuador, Egipto, Guatemala, Maroko, Mexiko, Nikaragua, Nigeria, Paraguai, Peru, Uruguai eta Senegalekoak, besteak beste. “Gehienei rantxerak gustatzen zaizkiela nekienez, gurekin parte hartzea proposatu nion Jose Luisi eta, jarraian, beste bizilagunekin harremanetan jartzen hasi nintzen”, gogora ekarri du Isabelek. 

Rosi  Honduraseko bizilagunak azpimarratu bezala, “hiria gehiago animatzeko” abiatu dute ekimen hau, “urtean zehar jarduera gehiago egon daitezen”.

Elkar ezagutu eta aldarrikatu

Gehienek aurretik elkar ezagutzen bazuten ere, adiskidetasuna indartzeko eta indarrak batzeko elkargunea izan da I. Jaialdi Multikulturala. Uruguaitik etorritako Sebastiani, esaterako, “Latinoamerikako jende gehiago ezagutzeko, baina Saharako edota Marokoko ohiturak ezagutzeko ere” balio izan dio ekitaldiak. “Egia da gehienok bistaz elkar ezagutzen genuela, baina askorekin ez genuen inoiz kafe bat elkarrekin hartu edo arratsalde bat dantzatzen igaro. Oso aberasgarria izan da, bai elkarteko kideentzat, bai herriko jendearentzat. Mundua tortilla bat dela uste duen horietakoa naiz. Euskal Herriko stand bat ere izan dugu, bizi-kalitate hobea bilatzera datozen pertsonak garelako, baina non gauden ahaztu gabe, bere lurraldean hartu gaituen gizartea partaide egiteari utzi gabe”.

“Oso aberasgarria izan da, bai elkarteko kideentzat, bai herriko jendearentzat”

Izan ere, jaialdi honen antolakuntzaren barruan, Urduñan jaiotako eta hezitako auzokideak ere aritu dira: “Laguntzen izan gara Jose Luis Saratxaga, Soledad Lezameta, Idoia Eletxalde eta laurok. Festan beste hainbat herritar hurbildu dira eta asko eskertzen dugu. Behin jaialdia igarota, haiekin gurutzatzean, baliteke baten batek atzerriko auzokideei agurra ukatzea; ekimen honen helburua, hain zuzen ere, pertsonen arteko mugak gainditzea da. Hemen bizi dira, eskubideak dituzte eta urduñarrak dira”, adierazi du Mireiak. Ildo beretik, musikaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Jose Luisek: “Musikak mundua mugitzen du. Kulturak gurutzatzen direnean, hobeto ulertzen dugu elkar. Gastronomiaren kasuan, gauza bera gertatzen da; oso ezberdinak diren pertsonen sentimenduak batzen ditu”.

“Ahotsa dugu, oihu egin nahi dugu, existitzen garela eta hemen gaudela esan, baita gure ohiturak ditugula aldarrikatu ere. Une bakoitzean gauden lekura egokitu behar gara; noski, logikoa da. Nik bihotzez maite dut nire alabek euskara ikasi ahal izatea, are gehiago nik kitxua ikasteko aukera izan ez nuelako, desagerrarazi nahi zutelako. Hala ere, ezin dugu gure kultura ahaztu”, laburbildu du Isabelek.

Besoak zabalik

Astero biltzen da taldea, ostegunero Alondegian 18:00ak edo 18:30ak aldera, eta irekita dago parte hartu nahi duen ororentzat:“Mundu guztia da ongi etorria. Hemen gaude, guztion artean laguntzeko”.

Herritarrak festa luzatzeko gogoekin geratu zirela ikusita, lanean ari dira ekintza gehiago eskaintzeko. Etorkizunera begira, sorpresaz beteriko ekitaldiren bat antolatuko dute urtea amaitu baino lehen, eta urriko hirugarren astebururako itxita egotea espero dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide