Bi txakurren kontrako erasoek Ertzaintzaren esku hartzea eragin dute

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 23a, 11:30
Ertzaintzak esku hartu zuen bi erasoetan. / Aiaraldea.eus

Urduñako bi herritar Ertzaintzarekin jarri ziren harremanetan irailaren hasieran euren maskotak erasoak jasan zituztela salatzeko. Kasu batean ostikoa jaso zuen txakurrak eta bestean makil batekin jo zuen gizonezko batek.

Irailaren hasieran animalien kontrako bi eraso jazo ziren Urduñan. Bi gertakariek ez dute harremanik euren artean, baina bietan txakurren jabeek deitu zuten Ertzaintza, erasotzaileak identifikatzeko.

Lehen kasuan, adingabe bat bere maskota paseatzen ari zen ibaiaren alboko bide batetik, "50 edota 60 urte bitarteko gizonezko bat agertu zenean makil batekin". Hala adierazi dio gazteak Aiaraldea Komunikabideari. Txakurra hurbildu zitzaionean, gizonak makilkada indartsua jo zion.

Animalia lurrean botata geratu zen mugitu gabe, erasotzailea biraoka aldendu zen bitartean. Adingabeak txakurra lurretik jaso eta besoetan eraman zuen etxera. Orduan, jabeak gertakariaren inguruetara bertaratu ziren gizonezkoaren bila, baina ez zuten topatu. Ertzaintza ere deitu zuten, baina bi patruilek ez zuten erasotzailearen arrastorik topatu.

Edonola ere, hurrengo egunean adingabeak erasotzailea kaletik ikusi zuen eta poliziari emandako deskribapenarekin eta bildutako datuekin identifikatu ahal izan zuten. Salaketa jarrita, epaiketaren zain daude.

Beste eraso bat

Irailaren hasieran, 9an, hain zuzen, beste eraso bat gertatu zen Urduñan. 5 kiloko txakur baten jabeak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari gizonezko batek ostikoa eman ziola animaliari, inolako arrazoirik gabe.

Jabeak azpimarratu du erasotzaileak barre egin zuela eta berak jarraitu zuela, Ertzaintza deitzen zuen bitartean. Poliziak gizonezkoa identifikatu zuen eta maskotaren jabeak salaketa jarriko duela ziurtatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide