ERREPORTAJEA

Klima aldaketa edo tximeleta efektua

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 15a, 07:00
Ruth Escobes eta Yeray Monasterio Zerynthia elkarteko kdieak dira. / Aiaraldea.eus

Tximeletak aztertzeko ingurune pribilegiatua dira Urduña eta Gorobel mendilerroa. Bertan aurkitzen dira Iberiar penintsulako espezie batzuen populaziorik handienak. Klima aldaketak, ordea, eragin zuzena du lepidoptero hauen biziraupenean. Zerynthia elkarteko kideak Urduñan izan ziren tximeleten eta aldaketa klimatikoaren arteko harremana erakusten.

Seinale txikienek ere aldaketa handiak iragartzen dituzte. Lur planetaren berotze globala gutxika haziz doan mehatxu geldiezina da. Berotegi efektuko gasen isurketa, erregai fosilen erreketak, industria-prozesuek edota zuhaitz masen galerak eredu meteorologikoen eraldaketa sakona ari da eragiten, abiadura bizian, gainera.

Intsektuek biodibertsitate osoaren %50 baino gehiago osatzen dute

Aldaketa guzti horiek nozitzen lehenak klimarekiko sentiberagoak diren animalia eta landare espezieak dira, horien artean intsektuak nagusiki. Intsektu populazioen galera axolagabea izan daiteke jende askorentzat, hauek edozein ekosisteman berebiziko papera duten arren. Kontuan hartu behar da, ingurunea edozein izanda ere, intsektuek biodibertsitate osoaren %50 baino gehiago osatzen dutela. Adibide bat jartzearren; polinizazioaz arduratzen diren intsekturik gabe ez litzateke frutarik ezta barazkirik egongo, horrek eragin zuzena izango luke nekazaritzan, eta, ondorioz, gizakion elikaduran eta baita ekonomian ere. Kate-erreakzioa da, tximeleta efektua.

Hain zuzen ere, tximeleten eta klima aldaketaren arteko lotura erakusteko hitzaldia eskaini zuten Yeray Monasteriok eta Ruth Escobes Zerynthia elkarteko kideek iragan urriaren 1ean Urduñan, Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateak eta Urduñako Udalak Asteklima egitasmoaren barruan antolaturiko jardueren baitan.

Klima aldaketa

Tximeletak oso sentikorrak dira ingurune-naturalean gertatzen diren aldaketekiko. Tenperatura aldaketa etengabeak eragin zuzena du espezie hauengan. “Azken urteetan neguak laburragoak dira, ez dira hain hotzak, eta udaberriak, nolabait aurreratu egiten dira”, adierazi du Yeray Monasterio Zerynthia elkarteko lehendakariak “horren eraginez apirila edo maiatzean agertu ohi diren tximeleta espezieak otsailean edo martxoan hagan ikus ditzakegu”.

Klima epelagoak eta idorragoak nagusitzen doaz eta, horrek, aldaketa nabaria eragiten du tokiko landaredian

Aldaketa hauek tximeletei ez ezik, gainerako intsektuei zein natur-inguruneari ere nabarmen eragiten diete. “Tximeleten agerpena aurreratu daitekeen bezala, hauen elikagaia diren landareen agerpena ere aurreratu eta atzeratu daiteke. Beldarrak landareen hostoez elikatzen dira, eta tximeleta nagusiak loreen nektarraz. Landare hauen agerpena ez bada tximeleten agerpenarekin sinkronizatzek, hauek janaririk gabe geratzen dira”.

Urtaroen aldaketa hau progresiboa ari da izaten, eta horrela jarraituko duela erakusten dute ikerketek. Ihobe erakundeak Gasteizko Europa Jauregian egindako aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak aurkezteko ekitaldian eman zituen datuen arabera, klima mediterranoa klima ozeanikoa ordezkatzen ari da urtez urte. Euskal Herrian kantauriar eta mediterranear isurialdeen arteko ur-mugak markatzen du klima ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko bereizketa. Aiaraldean, beraz, urtaro lehorrik gabeko klima ozeanikoa da nagusi, non prezipitazioak erregularrak diren eta batez besteko tenperatura  11 eta 14 gradu zentigradu bitartekoa den.

Baina hori aldatuz doa, eta hemendik 25 urtera klima mediterraneoa ur-muga gainditu eta Bilbora arte ere iritsi daitekeela erakusten dute datuek. Ondorioz, klima epelagoak eta idorragoak nagusitzen doaz eta, horrek, aldaketa nabaria eragiten du tokiko landaredian. 

“Kasu paradigmatikoa da tximeleta honena; espezie gutxirekin ikus dezakegu honekin ikusten duguna, gure muturren aurrean desagertzen ari da”

Apolo tximeleta

Aldaketa motela bezain etengabea da, honezkero nozitzen ari garena. Adierazle asko ditugu inguruan, eta Apolo tximeletaren desagerpena da horietako bat. “Kasu paradigmatikoa da tximeleta honena; espezie gutxirekin ikus dezakegu honekin ikusten duguna, gure muturren aurrean desagertzen ari da”, azaldu du Monasteriok. Azken 30 urteetan %40 egin du behera tximeleta honen populazioak.

Goi-mendiko tximeleta da Apolo tximeleta, Parnassius apollo, Gorobel mendilerroan oso ugaria izan da orain arte. Munduko beste ordoki batzuetan, izan Pirinioak edo Alpeak, tximeleta honen populazioak kota garaiagoetara lekualdatu dira, bertako poulazioak nola edo hala egonkor mantenduz. Aiaraldeko mendiak, ordea, oso baxuak dira eta nekez gainditzen dituzte 900 metroak itsas mailarekiko. “Hori dela eta, Apolo tximeletak ez du klima hotzagoen bila inora jotzerik, eta besterik gabe desagertu egiten da”, nabarmendu du Zerynthia elkarteko lehendakariak.

Tximeleten paradisu

Apolo tximeleta ez da Urduña inguruan aurkitu daitekeen tximeleta mota bakarra. Badira gehiago, eta batzuk bereziki bitxiak dira. “Lepidoptero zaleen artean Urduña oso ezaguna da tximeleta espezie arraroen bizilekua baita”, nabarmendu dute Zerynthia elkarteko kideek. “Duela urte batzuk Euskal Herriko tximeleten gida argitaratu genuen Jaurlaritzaren laguntzarekin. Liburuaren azalean agertzen diten lau tximeletatik hiru Urduñan ikus daitezke soilik”, azaldu du Ruth Escobesek. “Tximeletan aditu den Cadizeko pertsona batek ederki daki non dagoen Urduña eta zer aurkitu bertan. Pena da askotan etxe ondoko altxorrak hain ezezagunak izatea herritarrentzat”.

Lopinga, Palaemon eta Burumotz katagorria dira hiru tximeleta horiek. Os baldintza zehatzak behar dituzte eta Urduñan aurkitu dituzte. Hain zuzen ere, hiriaren ingurune-naturalean aurkitzen dira Iberiar Penintsulako populaziorik oparoenak.

Zerynthia elkartea

Estatu mailako elkartea da Zerynthia elkartea, eta aurten 15 urte beteko ditu tximeleten ikerketa eta babes lanak egiten. Espezie desberdinak monitorizatu eta hauek kontserbatzeko ekintzak burutzen ditu. Europa osoko erakunde eta elkarteekin elkarlanean aritzen dira tximeleta populazioen aldaketak ahalik eta zehatzen jasotzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan Hazi fundazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egiten du lan. “12 urte daramatzagu tximeleta populazioak kontabilizatzen. Urte asko badira ere, bertan jasotako datuak ez dira nahikoak klima aldaketak eta bestelako faktoreek populazioetan izandako eragina kuantifikatzeko”, azaldu du Escobesek.

Baina, egon badaude kezkatzeko datuak. Tenperatura globalaren igoerak ez ezik, klima aldaketarekin nolabait lotutako beste faktore askok ere eragin nabarmena dute tximeletengan: pestiziden erabilera, abeltzantzak abandonatutako larreen galera, basoen desagerpena, monolaborantza…

Monesteriok eta Escobesek balioan jarri dute Urduñako esperientzia: “Natur-ingurunea kontserbatzeko ezagutza ezinbestekoa da”. Elkarteak aldaketa klimatikoak eragindako kalteak arintzeko lanetan jarraituko du, baina nabarmendu dute administrazioen laguntza ezinbestekoa dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide