EDGAR CARRASCO

“Urduñak nire herria gogorarazten dit; mendi garaiagoak baditu ere, oso antzekoa da”

Allende Solaun Boada 2022ko urr. 18a, 08:00

Otsailean iritsi zen Urduñara Edgar Carrasco. / Aiaraldea.eus

EDGAR CARRASCO (Apurimac, 1982) Urte hasieran Perutik Urduñara etorri zen lan bila. Bizitako esperientziaren inguruan eta hirian izandako harreraren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Nolakoa izan da zure etorrera?

Otsailean iritsi nintzen; beraz, 7 hilabete daramatzat Urduñan bizitzen. Ez da asko. Emigratzea oso zaila da, batez ere, familia zure herrialdean uzten baduzu. Gogorra da, baina horrelakoa da bizitza. Aurrera egin nahi duzunean edo zure seme-alabei bizitza hobea utzi nahi diezunean, esfortzuak egin behar dira. Triste samar nago, baina ondo oraingoz. Eskerrak eman nahi dizkiet bizilagunei hemen Urduñan izan dudan harreragatik.

Zertara etorri zara Urduñara?

Lanera etorri naiz. Emigratzeko aukera bat agertu zitzaidan. Senide batzuk Arnedon bizi dira, Errioxan. Bertan, ahizpa eta lehengusina bat mojak dira, eta haien bidez Urduñako klaratarrekin harremanetan jarri nintzen, haien baratze ekologikoan lan egiteko. Nekazaria naiz ofizioz, betidanik egin dut lan lurrean.

Urduña gustatu zaizu? Erraza izan da egokitzapena?

Bai, Urduña gustuko dut nire herria gogorarazten didalako. Apurimacekoa naiz eta mendi garaiagoak baditu ere, oso antzekoa da. Hiri honek landaretza ona du, animalia asko... Gustura nago hemen. Machu Picchuren antza ere badu, harrizko hiria delako. Hemengo kultura, aldiz, oso desberdina da.

Zertan bereizten dira?

Urduña, oro har, oso ordenatua da. Kaleak garbi daude eta garraiobideak egokiak dira. Hizketan edo agurretan, aldiz, aldea nabariagoa da. Nire herrian “egun on”, “arratsalde on” eta “gabon” esaten dugu beti; hemen, berriz, “kaixo” esaten dizute noiznahi. Txikikeria izan arren, horrek talka egiten du txikitatik irakasten digutenarekin.

Bi herrietan tokiko hizkuntzak hitz egiten ditugu.

Bai, eta atentzioa deitu zidan. Nire herrialdean ere gaztelaniaz berba egiten dugu, eta kitxua ere badaukagu, jatorriz antzinako inkena dena. Hemen, Urduñan, euskaraz hitz egiten da eta horregatik ere Peruko oroitzapenak ekartzen dizkit. 

Eskerrak kitxua hitz eginez jaio nintzela. Nire familiak kitxua menperatzen du, baina ez da hain ohikoa. Gaur egun, bertoko politikariak kitxua ikasten ari dira, baita ikastetxe eta unibertsitateetako ikasle ugari ere. Aurrerapausoa da.

Hemen geratzeko asmoa duzu?

Beste herrialde batera emigratzea oso zaila da, baina arrazoi bati erantzuten dio. Nire familia hona ekarri nahi dut. Egoera politikoa dela eta, nire herria gaizki dago azkenaldian; ustelkeria handia dago, eta nire seme-alabak handik atera nahi ditut. Familiarik gabe, nire seme-alabarik eta emazterik gabe, hemen egotea oso gogorra da. Emigratzeko prozesua oso araututa dago eta latza da aurrera egitea.

Zer espero duzu Urduñatik etorkizunean?

Urduñako beste herritar bat izan nahi nuke, besterik ez. Nire familia hemen eduki nahi dut eta hiriarentzako gauza handiagoak egin, alkatea izatea, esaterako (barreak).. Txantxetan diot, baina gustatuko litzaidake. Zergatik ez?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide