Orientazio proben hiriburu bihurtuko da Urduña XX. Bizkaia Sarian

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 11a, 06:50

Urriaren 22 eta 23an egingo dituzte orientazio probak. / Aiaraldea.eus

Orientazio lasterketen XX. Bizkaia Saria jokatuko da urriaren 22 eta 23an Urduñan. Bi kirol probek jantziko dute asteburua: hirigunean jokatuko den errelebo mixtoen esprint txapelketa, eta igandeko orientazio lasterketa klasikoa.

Orientazio lasterketen hiriburu bihurtuko da Urduña urriaren 22 eta 23an. Izan ere, Bidea Orientazio Klubak, COBIk, XX. Bizkaia Saria antolatuko du bertan. Bi kirol probek osatuko dute asteburuko egitaraua: Errelebo mixtoen esprint txapelketa eta iparraldeko ligaren barruko lasterketa klasikoa.

Larunbatean, urriak 22, Urduñako hirigunean bertan egingo dute orientazio proba: Errelebo mixtoen esprint txapelketa. Parte hartzaileak 17:00etan abiatuko dira eta 19:00ak arte izango dute tartea alde zaharrean eta inguruko auzoetan izkutatuta egongo diren balizak bilatzeko.

Urriaren 23an, aldiz, distantzia lasterketa klasikoa egingo dute. Iparraldeko ligako 10. eta azken jardunaldia izango da, eta bertan ebatziko da txapelketako behin betiko emaitza. Lasterketa Gorobel azpiko baso eta larre artean jokatuko da. COBI taldeak orientazio probaren eremua egin berri du publiko, eta parte hartzaileek debekatuta izango dute gaurdanik urriaren 23ra arte inguru horietatik igarotzea.

Herri lasterketa

Errelebo mixtoen esprint txapelketak Open kategoria bat izango du, baina federatutako klubetako kideek hartu ahalko dute parte soilik. Igandeko lasterketan, aldiz, edonork izango du aritzeko aukera; "orientazio probetara lehen aldiz gerturatu nahi dutenak zein orientazioan eskarmentua dutenak", antolatzaileek adierazi dutenez.

Lo lekua kirolarientzat

Antolakuntzak lo lekua eskainiko du asteburuan Urduñara bertaratzen diren kirolarientzat. Urduñako frontoia atonduko dute, eta bertan lo egiteak euro bateko kostua izango du. Lo lekua larunbateko 19:00etatik igandeko 10:00ak arte egongo da zabalik.

Autokarabana eta furgonetekin datozen parte hartzaileak, aldiz, hirigunean bertan dagoen aparkalekura bideratuko ditu antolakuntzak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide